Orioko umeek herritik atera gabe ongi pasatzeko aukera izango dute abuztuan zehar. Udalak haurrei zuzendatutako ekintzak prestatu ditu hileko ostegun guztietarako, eta herriko plazan musika, antzerkiak eta bestelako ekimenak izango dituzte.
Bihar izango dute lehenengo hitzordua; Gasteizko Latirili taldearen eskutik Haurtxoaren zopa txontxongiloekin uztartutako klown ikuskizuna ikusi ahal izango da. Hurrengo ostegunean, hilak 11ean, Potxin eta Patxin pailazoak gerturatuko dira Orioko plazara.
Hilak 18an, musikaz gozatu ahal izango dute umeek; izan ere, Luma Gorri berbena eskainiko dute, jolas, dantza eta kantuen bitartez. Azkenik, abuztuko azken ostegunean, hilak 25ean, Marsel Magoa izango da. Ekitaldi guztiak 19:00etan izango dira.