Zaragueta eskolaren lanak diruz laguntzeko mozioa "mahai gainean" utzi du Udalbatzak

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 29a

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza jarri ahal izan dezan, Udalak diruz laguntzeko mozioa aurkeztu zuen Orioko Zaragueta Herri Eskolak joan zen astean, udalbatzarrean. Udalarekin hitzarmena egotea proposatu zuen Zaraguetak, baina proposamena alde batera utzi zuen Udalbatzak, besteak beste, mozioa ez delako «guztiz zehatza». Hala, Udalbatzak eskaera «mahai gainean» utzi du. Zaraguetak adierazi du proiektua aurrera eramateko eraikina handitu egin behar duela. Lan horiek finantzatu ahal izateko, bi erakundeek hitzarmena sinatzeko eskatu zion zentroak Udalari. Orioko eta Aiako alkateak Hezkuntza Saileko ordezkariekin harremanetan jartzea jasotzen du mozioak. Horrez gain, lanon gastuak kreditu aldaketaren bidez bideratzeko eskatu dio Udalari; hots, Udalak obrak ordain ditzan nahi du herri eskolak, eta ondoren Hezkuntza Sailarekin diru-laguntzak ados ditzala. Halaber, herri eskolak lanak urria baino lehen esleitzea proposatu dio Udalari. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak nabarmendu zuen proiektuarekin «oso ados» daudela. Eskolarekiko «konpromisoa» dutela esan zuen, baina «babestu beharreko proiektua» bada ere, «zuhurtziaz» jokatu behar dela uste du. Izan ere, neurri horretako proposamenek «zehaztasun gehiago» eduki behar dutela iritzi dio alkateak, eta zehaztasun horiek «idatziz» helarazteko ere eskatu dio zentroari: «Obren gastuak noren esku geratuko diren finkatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Orioko Udalak hitzarmena sina dezatela proposatzen dugu lehendabizi». Bestetik, lanak urrirako esleitea «zaila» izango dela uste du alkateak. EAJ alderdiak, bere aldetik, konpromisoa «bete egin» behar dela esan du. Jon Redondo EAJko bozeramailearen ustez, «aurrerapausoak» ematea beharrezkoa da, eta ez dagoela«eskola publikoari laguntzeko hainbeste zailtasun»adierazi du. Horregatik, baiezkoa eman zioten jeltzaleek proposamenari, mozioaren alde bozkatuz. Orain plataformak ere berretsi du Zaraguetan DBH egitea «garrantzitsua» dela, baina eskaera egiteko «gutxieneko» batzuk eskatu dizkio eskolari. Izan ere, Miriam Uranga plataformako bozeramailearen ustez aurkeztutako planteamenduak ez ditu «baldintza» batzuk betetzen, eta eskaera «minimalistaegia» da. Udalbatzek ez zuen Zaraguetaren mozioa onartu, Bilduk eta Orainek aurka bozkatu baitzuten. Hala ere, alkateak egindako «ñabardurekin» gaia «mahai gainean» uzteko mozioa onartu zuten, Bildu eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin. Bilkuran izan ziren herritar batzuk kezka azaldu zuten, eskolaren etorkizunaren inguruan «zalantzekin» jarraitu behar dutelako. Hala, gaia «ahal bezain laster konpontzeko» eskatu zuen zenbait lagunek. Eskolak, bere aldetik, «ezinbestekotzat» jo du derrigorrezko hezkuntza osatzea: «Oraingo egoeran, 12 urterekin herritik atera behar izatea erabat kaltegarria da Zaragueta Herri Eskola komunitatea osatzen dugun guztiontzat», diote. Zerbitzu berria bideratu eta «konpontzeko» Hezkuntza Saileko arduradunekin harremanetan jarri direla adierazi dute herri eskolako ordezkariek, eta erantzun «baikorra» jaso dutela nabarmendu dute. Orainen eta EAJren mozioak EAJk, berriz, Udaleko alderdi politikoiei dagozkien ordainsarietan zinegotzi kopuruaren araberako «proportzionaltasunari» eusteko eskatu zuen beste behin. Solaberrietak, ordea, arrazoitu zuen talde guztiek «baliabide berak» izan behar dituztela. Orainek eta Bilduk mozioaren aurka bozkatu zutenez, ez zuten onartu. Bestetik, Orain plataformak aurkeztutako beste bi mozio hurrengo bilkurarako «mahai gainean» utzi ditu Udalbatzak. Batetik, plataformak Plaza herri aldizkaria gehiago ez argitaratzeko eskatu du. Horren ordez, Udalak informazioa herritarrei helarazi behar dionean Karkara aldizkarian «beharrezkoak diren orriak» erostea proposatu du. Beste mozioak, berriz, Udalararen egoeraren berri emateko aurreko agintaldiko diru kontuen auditoria egitea jasotzen du. Txu-txu trenean iragarkiak Bestetik, Txu-txu trenean jarri ahal izango diren iragarkien tarifak zehaztu dituzte. Batetik, trena 50 zentimoren truke erabiltzea adostu du Udalbatzak; bestetik, bertan ezarriko diren iragarki modulo bakoitzak 75 euroko tarifa izatea onartu dute, Bildu eta Orainen aldeko botoekin. Solaberrietak argitu du herritar talde batek egindako proposamena izan dela, eta dagoeneko jarduera hori martxan bada ere, hurrengo urtean iragarkiak jartzeko «irizpideak berraztertzea» proposatu du. Redondok, bere aldetik, adierazi du puntu hori aurretik batzordean landu beharra zegoela, eta gaia ordenantzan sartu behar dela nabarmendu du. Antilla hondartzako 2. zenbakidun eraikina Xabier Urangari, Juan Jose Zubeldiari eta Maria Teresa Mancisidorri esleitu die. Guztira bost proposamen jaso ditu Udalak, eta horien proiektuak jaso du puntuazio altuena. EAJ alderdia abstenitu egin zen puntu honetan. Redondok esan zuen eraikina egiteko baimena lortzeko enpresa moduan aurkeztu behar dela, baina hiru lagun horiek «komunitate» gisa aurkeztu direla. Hala, enpresa bat sortzea eskatu die hiru adjudikatuei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide