Eskualdeko arrantzaleek «pozez» hartu dute antxoa kuota bikoiztearen erabakia

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 26a

Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Ministroen Kontseiluak Kantauri itsasoan antxoaren kuota bikoiztea onartu du. Ondorioz, hurrengo urtera arte behintzat, 29.700 tona antxoa harrapatu ahal izango dute arrantzaleek; orain artekoa baino hamalau mila tona gehiago, hain zuzen ere. Orio eta Getariako arrantzale kofradiek «pozez» hartu dute Europaren erabakia, eta antxoa presentzia indatzen ari dela ondorioztatu dute Leandro Azkuek eta Josu Ezenarrok, Orioko eta Getariako kofradietako idazkariek.
Azken hilabeteetan zientzialariek egin dituzten ikerketek antxoa kopuruaren inguruan emaitza baikorra eman dutela nabarmendu du Ezenarrok. Izan ere, onartu duten legediaren arabera, Kantauri itsasoan 98.450 tona inguru antxoa dago. Azkueren ustez ere pauso garrantzitsua da, eta orain dela hamar urteko kuotara gerturatzen dela gogoratu du.
Bestetik, Europako Batzordeak arrantzaontziak gutxitzea proposatu du, Europako komisarioaren iritziz arrantza lekuak gehiegi ustiatuta daudelako. Gehiegiko arrantza ekiditeko, besteak beste, arrantza kuoten sarea sortzea proposatu du. Horren arabera, ontzi bakoitzak kuota beste ontziekin salerosteko aukera izango luke. Orioko kofradiako idazkariak iragarri du «zalantza» asko sortzen dizkiela neurri horrek, halako sistemara ohitu gabe daudelako hemengo arrantzaleak.
Horrez gain, sistema horrek arrantza kuota gutxiren esku geratzeko arriskua duela adierazi du Azkuek, «diru gehien duten ontziek ontzi txikiei» erosiko dizkietelako kuotak.
Hala, batez ere baxurako flotak arrisku horretatik libratzeko asmoz, hainbat baldintza finkatzeko beharra ikusi du. Hala ere, Getariako eta Orioko kofradietako idazkariek nabarmendu dute oraindik «mamitu gabeko» proposamena dela, eta aurrera aterako balitz zer ondorio ekarriko lituzkeen ikusi beharra dagoela.
Ontzidiak gutxitzeko neurriarekin batera, arrantzaleek arrainak harrapatu eta berriro itsasora botatzea debekatzea proposatu du Europako Batzordeak. Proiektuaren arabera, 2014tik aurrera antxoa, txitxarroa eta hegalaburra edo atuna berriro itsasoratzea debekatuko lukete, eta hurrengo bi urteetan arrain guztien gainean ezarriko litzateke debekua.
Horren aurrean askotariko iritziak dituzte. Azkuek, esaterako, begi onez ikusi du, neurri horrek «arrantza iraunkorra bermatuko lukeelako». Aspalditik eskatu duten neurrietako bat dela adierazi du idazkariak, eta irtenbide egokia dela uste du. Hala ere, sistema horrek arrantza egiteko moduan eragingo duela uste du, eta, beraz, arrantza sareak edo bestelako erremintak garatu beharko direla dio. Neurri berria izanik, aldaketa horiek «pixkanaka» egin beharko direla uste du Azkuek.
Urrestiren ustez, berriz, hartutako arrainak berriro itsasoratzea debekatzea «praktika betezina» da: «Bazterkinen arazoa errazegi ikusten dute kanpotik. Neurriak proposatu dituztenak ez dira arrantzaleak, eta proposamena ez da erreala izango».
Ezenarroren arabera, bazterkin guztiak lehorrera eramatea ez da irtenbidea: «Bazterkinak itsasoratzeko arrazoietako bat arrainak balio komertzialik ez izatea da. Beraz, behin lehorrera eramanda, baliorik ez duten arrain guzti horiekin zer egin genezake?» Urrestik nabarmendu du arrain kuota guztiek dituztela bazterkinak, eta neurrien artean «hutsuneak» daudela dio. Hala, aurrerapausoak ematen ari badira ere, irtenbide «zaila» duela onartu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide