Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udalak joan zen asteburuan egin zuten Bisiguaren Festaren balorazio "positiboa" egin du, besteak beste hilak 14tik 17ra bitartean egin zituzten ekitaldiak eta otorduak "jendetsuak" izan zirelako. Hurrengo urtean ere antolatuko dutela aurreratu du, baina "patxada gehiagorekin eta erabateko parte-hartze prozesuarekin" egingo dutela nabarmendu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak: "Denbora gehiagorekin beste dinamika batzuk abiaraziko genituen, baina aurten ez da posible izan. Batez ere, erabateko parte-hartze prozesua martxan jarri ez izanak penatu gaitu. Datorren urtean herritar guztiei zabaldutako bilera irekiarekin hasi behar dugu jaialdia antolatzen".
Orioko Udalak Bisiguaren Festako datuak plazaratu ditu, eta oro har ekimenak "arrakastatsuak" izan direla nabarmendu du. Otorduetan, esaterako, 1.050 pertsona inguru izan zirela adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, 1.200 marmitako razio eta 550 hegaluze pintxo banatu dituztela jakinarazi dute. Pintxo zirkuitua ere egin zuten egun horietan zehar, eta tabernariek ere balorazio positiboa egin dutela esan dute. Hala ere, herritarrek Bisiguaren festa plazatik herriko beste lekuetara zabaltzeko beharra ikusi dutela adiazi du Udalak.
Gastuei dagokienez, berriz, antolatzaileen arabera Bisiguaren Festak 60.000 euroko aurrekontua izan du, eta diru-laguntzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ematea espero duela adierazi du, aurreko urteetan egin dute bezala. Halaber, laguntza hori Arrantzale Kofradiaren bidez jasotzea aurreikusi dute. Ildo horretan, Solaberrietak eskerrak eman dizkio Kofradiari, eta aurrekontua publizitatearekin "orekatuko" dutela adierazi du.