Orioko nesken futbol taldeak bi mailatan jokatuko du

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 20a

Datorren denboraldian Orioko Nesken Futbol Taldea sortzeko lanean ari da Joseba Manterola koordinatzailea eta entrenatzailea. Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dute, eta aurten nesken bi talde sortzeko asmoa dutela argitu du: infantil kategoriako bat eta senior mailarako beste bat. Gaztetxoenen taldea «erdi osatuta» badute ere, «asko» kostatzen ari zaiela argitu du. «Askok gaur baietz esaten dute, baina egun batzuk igarotakoan uko egiten diote parte hartzeari, eta taldea desegin egiten da» Manterolak nabarmendu du futbolean jokatzeak «sentimenduak eta emozioak askatzeko» aukera handia ematen duela, eta, hori kontuan har dezatela esanez, Orioko nahiz inguruko herrietako neskak futbolean aritzera gonbidatu ditu. Izan ere, Orioko neskak ez ezik, inguruko herrietakak ere taldekide izan daitezen nahi du entrenatzaileak. «Getariako taldeak Orion entrenatzen du, eta jokalariak gure taldera bideratu nahi ditugu». Entrenamenduak abuztuan Azken urteetan Orioko Nesken Futbol Taldeak gorabeherak izan ditu, eta, ondorioz, aurreko denboraldietan talde bakarra osatu dute. Hala ere, aurrez jarritako helburuak bete dituztela nabarmendu du Manterolak, eta «Orioren izenean harro egoteko moduan» daudela uste du, hainbat jokalari Realak fitxatu baititu. Abuztu amaieran hasiko dira taldeak entrenatzen, eta denboraldiari, berriz, iraila erdian ekingo diote. Talderen batean jokatu nahi izanez gero, 629-44 03 52 telefonora dei dezakete interesatuek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide