Leire Iruretagoiena korrikalaria (Tolosa, 1974) Orion bizi da, eta Ehunmiliak lasterketan bigarren emakume azkarrena izan da. Inoizko proba luzeena izan da Iruretagoienarentzat, 29 ordutan 166 kilometro egin baititu. Hala ere, froga gogorragorik gogoratzen du Iruretagoienak.
Bi egun igaro ondoren, gogorra izan zela iruditzen zait, baina ez hain luzea. Ez zitzaidan hain luzea egin. Hamabost kilometrotik hamabost kilometrora jendea topatzen genuen, eta, horri esker, etapa askoko ibilbidea zirudien. Puntu gogorrak bazituen, eta amaierarako aldapak geroz eta gehiago antzeman nituen. Ez dago deskantsurako tarterik; hori da lasterketa honetako alde gogorrena. Aldapak igo eta jaitsi egin behar dira etengabe. Beste proba asko luzeagoak dira, baina ez dute hainbesteko desnibela. Beraz, erritmo aldaketa gutxiago dute, eta ez gara hainbeste nekatzen.
Lortutako emaitza espero al zenuen?
Denbora aldetik ez nuen holakorik espero, baina oso zaila da emaitza aurreikustea. Lehenenegoa aldia izan da 166 kilometroko lasterketa egin dudana. Orain arte 130 kilometro inguruko probak egin ditut, eta badakit nola erantzuten duen nire gorputzak. Hori hala, oraingoan ez nekien azken 40 kilometroetan zer gertatuko zen. Psikologikoki oso indartsu joan nintzen, eta gorputza ere hala nuela uste nuen.
Nola prestatu duzu zure burua horrelako lasterketa baterako?
Kirol honetarako taldean prestatzen naiz. Guztiok lehiatzen gara gisa honetako lasterketetan. Zein baino zein eroago gaude. Asteburuetan bolumena lantzen dugu, batez ere, eta taldean egiten dugunez, ondo pasatzen dugu.
Lasterketan nola eramaten da nekea?
Momentu gogorrak daude. Aizkorri igotzea, esaterako, asko kostatu zitzaidan, eta hanketan izugarrizko nekea nuen. Zertarako ari ote naizen lasterketa egiten pentsatzen dut une horietan, baina gero neure onera etortzen naiz.
Noiz hasi zinen gisa horretako lasterketak egiten?
Mendian betidanik ibili izan naiz, baina distantzia txikiagoak egiten nituen. Duela bi urte hasi nintzen 70 kilometrotik gorako lasterketetan parte hartzen, eta ordutik sei egin ditut. Lehenengoa Kantabrian (Espainia) egin nuen, 125 kilometrokoa. Aurreneko esperimentua izan zen hura, eta nahiko ondo egin nuen. Ondoren, Euskal Herriko Hiru Handiak egin nituen, eta hori ere oso gustura egin nuen. Goierriko Bi Handietarako eman nuen izena gero, eta orain arteko lasterketa gogorrena izan zen hura; min hartu nuen, eta burugogorkeriaz amaitu nuen. Aurten, berriz, Kanariar Uharteetan (Espainia) eta Bartzelonan (Katalunia) aritu naiz. Beraz, zaletasuna bidaiatzeko aitzakia bat besterik ez da.
Lasterketa luzeak nahiago al dituzu?
Ez naiz lasterketa motzetan aritzekoa. Gorputza distantzia luzeak egindakoan hasten zait erreakzionatzen. Ondo sentitzen naiz halako probetan. Gainera, lasterketa motzetan ez da sortzen luzeetako giroa. Ordu asko dira, eta pertsona asko ezagutzen dira lasterketan bertan.
Zaletasun hau duzula esatean, jendeak nola hartzen du?
Ezagutzen ez nauenak edota mundu honetan sartuta ez dagoenak arraro begiratzen gaitu. Baina ezagutzen nauenak badaki gozatu egiten dudala, eta ondo hartzen du. Askorentzat erokeria da, baina kirola eta lagunak egiteko beste era bat da. Oso gutxi gara honetan aritzen garenak, eta joaten garen lekuetan pertsona asko ezagutzen ditugu, eta oso harreman estua sortzen da.
Zerk bultzatu zintuen lasterketa luzeetan parte hartzera?
Lagun batengatik hasi nintzen. Tolosan 14 orduko lasterketa egin behar zuen hark, eta harekin batera irtetea pentsatu nuen. Halaxe hasi nintzen, eta gustatu egin zitzaidan. Ordura arte ez nuen mundu honen berri.
Beste lasterketarik egingo al duzu orain?
Abuztuan Pirineoetan gisa honetako beste proba bat egingo dute; joango naiz, baina ez dut parte hartuko. Mont Blanceko (Frantzia) lasterketa ere laster izango da, baina ezin izan dugu dortsala lortu. Hori hala, irailean hasiko naiz berriro. Oraingoz ez dut helburu zehatzik.