Orain plataformaren gutuna: "Jarrera hori ikusiko al dugu datozen urteetan ere?"

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 19a

Hauteskundeak pasa dira, eta, dakizuen bezala, aldaketa izan da Orion. Orain herri plataformak Beñat Solaberrieta aukeratu zuen alkatetzarako, eta, ordutik, alkatetza kendu zaiola dio EAJk. Hori ez da egia; alkate eta zinegotzi karguak lau urtetarako izaten dira. Beraz, epe hori betetzen denean karguak utzi egiten dira, Orion eta herri guztietan. Ondoren, hauteskundeetan hautatu dituztenek zinegotzi karguak hartzen dituzte, eta hauei dagokie alkate berria izendatzea. Orainek Beñaten alde egin zuen, zilegitasun osoz eta legea betez. Alkate berria izendatzea erabaki genuenetik, era askotako mesprezuak jasan behar izan ditugu, baina denen artetik gogorrena EAJren elkarte gastronomikoan zintzilikaturiko idatzia izan da: Orain plataformako kideak eta lagunak EAJko elkarte honetan ez dira ondo ikusiak /Los miembros y simpatizantes de la plataforma Orain se consideran personas non gratas en esta sociedad gastronomica del PNV. Noraino heldu gintezke nahi duguna lortzen ez dugunean? Elkarri errespetua galtzen badiogu, zer nolako Orio espero dezakegu? Udal berria osatu ondoren, gobernua osatzeko bilerak hasi genituen. Orainek Udaleko hiru taldeak gobernuan izatea nahi genuen, Udal Gobernua herritar guztien isla izan zedin, baina EAJk uko egin dio bere borondatez, eta oposizioa egitea erabaki du. Orain arte oposizioan izan diren talde guztiek hainbat batzorderen ardura izan dute, baina EAJk ez ditu hartu nahi izan, ardurak eskaini zaizkion arren. Orain arte agintean egon direnek asko lagun dezakete agintaldi berri honetan. Haien esperientzia herriaren onuran erabiltzea izango litzateke normalena, baina hartu berri duten jarrerak zalantzak sortzen dizkigu. Izan ere, sanpedroak eta Bisigu Festa antolatzeko bileretara ez dira azaldu ere egin, eta ez dute bileretan parte hartu nahi izan. Jarrera hori ikusiko al dugu datozen urteetan ere? Bestalde, eskerrak eman nahi dizkizuegu sanpedroak eta Bisigu Festa antolatzen eta jaian parte hartu duzuen oriotar guztiei, festa giro alai eta atsegina izan baitugu egunotan. Orainen aldetik, hartutako konpromisoa berresten dugu. Oriotar guztien alde lan egiten hasiak gara jada, eta gogoratu edozein oriotarrek izan ditzakeen ekarpen edo kezka guztiak entzuteko prest eta desioz gaudela. Orain herri plataformako ate guztiak irekiak dituzue. ORAIN Orioko Aukera Independentea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide