Bisigu erre usaina, plazan

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 16a

Parrillan erretako bisigu usainez bete da Orioko Plaza gaur eguerdian, azken bi egunetan bezala. Ostegunean hasi zen Bisiguaren Festaren laugarren edizioa, txartel guztiak salduta. Hiru egunean eta lau otordutan Kantauri Itsasoko 500 bisigu inguru prestatzea aurreikusi dute Joxe Mari Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola Katxina parrilleroek. Laugarren aldiz antolatu du Orioko Udalak jaia, eta horretarako herriko eragileen laguntza izan du. Azken urteetan bezala, Bisiguaren Festarekin batera, KAE 1 mailako traineruek IV. Bisiguaren Festa – Orio Estilora Bandera jokatuko dute arratsaldean. Orioko errioan egingo dute arraun, 17:00etan. Orio B eta Zarauzko traineruak lehiatuko dira, besteak beste. Bi tandatan banatuko dute estropada, eta tanda bakoitza sei traineruk osatuko dute. Gainera, bata bestearen atzetik irtengo dira, erlojupean. Guztira, hiru itsas mila (5.556 metro) egingo dituzte. Orio eta Zarauzko traineruez gain, Donostiarra, Zierbena, Portugalete edota Hondarribikoak ere lehiatuko dira larunbatean. Sailkapen Orokorrean Zarautzek 21 puntu ditu, eta bosgarren postua da. Orio, berriz, hamargarren da, 11 punturekin; momentuz, Portugaletek du lehen postua, orain arte 36 puntu lortu baititu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide