Atzo iluntzean ekin zioten Bisiguaren Festari Orion. Herritar ugari hurbildu zen plazan egin zuten inaugurazio ekitaldira, eta bertan herriko zenbait taldek hartu zuten parte; izan ere, Harribil Dantza Taldeak eskaini zuen saioa, eta Egunsentia Otxoteak ere abestu egin zuen, bertaratu ziren herritarren laguntzarekin. Ondoren, herritarrek arrantzaren inguruko testuak irakurri zituzten, "hegaluzearen kanpainan kanpoan dauden herriko arrantzaleak gogora ekarriz". 20:30ean hasi zen Bisiguaren Festako lehenengo otordua, eta gaurtik igandera bitartean beste lau otordu egingo dituzte.
Atzoko ekitaldian, gainera, pintxo zirkuitua aurkeztu zuten; herriko hamazortzi tabernek hartuko dute parte ekitaldian, eta marmitakoa, txipiroiak tintan, olagarroa edota antxoa pintxo bereziak prestatuko dituzte asteburuan zehar.
Igandera bitartean Kantauriko 500 bisigu prestatuko dituzte herriko parrilleroek, baina otorduetara joateko jarri zituzten 1.000 txartelak salduta daude dagoeneko. Otorduez gain, ordea, beste hainbat ekitaldi ere izango da; bihar, esaterako, Bisiguaren Bila koadrilen arteko
ginkana egingo dute goizean, eta irabazten duen taldeak bihar gaueko otordura joateko aukera izango du. Horrez gain, marmitako-jana egingo dute eguerdian. Igandean, berriz, herriko elkarte gastronomikoek hegaluzea egiten erakutsiko diete herritarrei. Gainera, festak irauten duen bitartean Itsas Mendiren, Segurako Taloen, Saizar sagardoaren, Orioko saregileen, Eizagirre ahizpen eta Orioko Turismo Bulegoaren postuak jarriko dituzte, plazan.
