Orioko Bisiguaren Festako otorduetako txartel guztiak agortu dira

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 14a

Gaur iluntzean hasiko da Bisiguaren Festa Orion, eta larunbatera bitartean Kantauri Itsasoko 500 bisigu inguru prestatuko dituzte Joxe Mari Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola Katxina parrilleroek. Laugarren aldiz antolatu du Orioko Udalak, eta horretarako herriko eragileen laguntza izan du. Gaurko afariariarekin hasiko dute festa, eta guztira lau otordu egingo dituzte, baina dagoeneko agortu dira otordu guztietara joateko txartelak. Otorduez gain, beste hainbat ekimen izango da. Etzi, esaterako, Bisiguaren bila jokoa egingo dute, eta irabazten duen taldeak gaueko otordura doan joateko aukera izango du. Orioko EAJ alderdiak, bere aldetik, jakinarazi du Bisiguaren Festa antolatzeko Bilduk izan duen jarrerarekin «asko pozten» dela, eta aurten «kalitate mailari» eutsiko zaiola adierazi du. Bisiguaren Festaren eraginez plaza itxi egingo dute ibilgailuentzat gaur eguerditik igande iluntzera arte. Beraz, ibilgailuek herrira kaitik sartu beharko dute, baina herritik ateratzeko nahitaez Txanka hondartzako bidea erabili beharko dute. Orio Estilora Bandera jokatuko dute larunbatean Azken urteetan bezala, Bisiguaren Festarekin batera, KAE 1 mailako traineruek IV. Bisiguaren Festa - Orio Estilora Bandera jokatuko dute larunbatean, hilaren 16. Orioko errioan egingo dituzte estropadak, 17:00etan. Bertan, Orio B eta Zarauzko traineruak lehiatuko dira, besteak beste. Bi tandatan banatuko dute estropada, eta tanda bakoitza sei traineruk osatuko dute. Gainera, bata bestearen atzetik irtengo dira, erlojupean. Guztira, hiru itsas mila (5.556 metro) egingo dituzte. Orio eta Zarauzko traineruez gain, Donostiarra, Zierbena, Portugalete edota Hondarribikoak ere lehiatuko dira larunbatean. Sailkapen Orokorrean Zarautzek 21 puntu ditu, eta bosgarren postua da. Orio, berriz, hamargarren da, 11 punturekin; momentuz, Portugaletek du lehen postua, orain arte 36 puntu lortu baititu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide