«Futbolaren aurpegirik itsusiena bizi dut»

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 14a

Iosu Esnaolak (Orio, 1986) futbolaren alderik «ilunena» bizi duela aitortu du. Hainbat urtez Real Sociedad B taldean ibili ondoren, Realeko talde nagusian debutatu zuen duela bi urte, taldea lehenengo mailara igo zen urtean. Mailaz igotzean, Realak utzita Real Unionen jokatzen hasi zen, eta azken hilabeteak Union Deportiva Lanzarote taldean egin ditu. Egun ez dut talderik, eta horregatik futbolean une bakoitza aprobetxatu behar dela argi du, goian egotetik behera jasteko bidea «oso laburra» delako. Duela bi urte lehenengo mailara igo ginenean, izugarrizko urtea izan zen. Baina igo ginenean Real Unionen esku utzi ninduten, eta han denborada erdia egin nuen; gustura egon nintzen. Amaiera aldera, ordea, ez nuen jokatzen, eta esan zidaten nirekin ez zutela kontatzen. Beraz, Lanzaroterako aukera izan nuen, eta hara joan nintzen, egun batetik bestera. Han ere gustura egon nintzen. Hala ere, ligako azkeneko partida oso erabakiorra zen, irabazten bagenuen mailaz igotzen ginelako, eta, beraz, taldeko egoera hobetu egingo zelako. Baina ezin izan genuen igo, eta orain futbolaren aurpegi itsusiena bizi dut. Egun osoa telefonoari begira pasatzen dut, dei baten zain. Baina egoera oso beltza da, eta itxarotea besterik ez zait geratzen. Realean gustura ibili al zara? Bai, asko gozatu dut. Igoera urtea izugarrizkoa izan zen. Orduan debutatu nuen. Igoera ziurtatu genuen partida ere sekulakoa izan zen, eta etxera etorri ginenean Anoeta betea ikustea gehiegizkoa izan zen. Orain, ordea, talderik gabe zara. Futbolean guztioi gertatzen zaigu hori. Egun batean egunkari ugaritan azaltzen zara, baina gerora inor ez da gogoratzen zutaz. Futbolariak prest egon behar dugu horretarako, hori baita fubolaren gauzarik txarrena. Beraz, jokalariak, fisikoki baino psikologikoki prestatuta egon behar du. Momentua aprobetxatu eta gozatu egin behar dugu futbolariok. Gainera, momentu onetan guztiak dira zure lagunak, baina etxean negarrez zauden momentuan inor ez da gogoratzen zutaz, eta horrek min handia egiten du. Halako uneetan jabetzen zara zein diren zure benetako lagunak. Hori ere bada futboleko gauzarik gogorrenetakoa, eta egoera horietara ere ohitu behar dugu. Honetarako prest al zeunden? Bai. Urte zaila izango zela banekien. Baina, egia esan, talderik gabe geratzea ez nuen espero. Oraindik ez dut talderik, eta hori ez zait inoiz gertatu. Guztia oso azkar gertatu da, eta kolpe gogorrak jaso ditut. Honen guztiaren inguruan zer irakurketa egiten duzu? Partida ona egiten duzunean izugarrizko jokalaria zara. Baina futbolean jarraipenik izan ezean, jendea zutaz ahazten da. Liga amaitu zenean esaten zidaten talde asko izango nituela atzetik, baina gaur galdetzen dut ea orain arte egindako guztiak zertarako balio izan duen. Beraz, momentua aprobetxatzen ez badugu kalera joango gara. Futbol mundua azkar amaitzen da. Eskaintzarik izan duzu? Bai, Alacanteko talde baten eskaintza izan dut. Diru aldetik ez da eskaintza ona, baina dudan helburua kirola egitea da. Hala ere, Alacantera joaten banaiz, beharbada ez dut jasoko eskaintzen didaten dirua, taldeak ez baitu egoera ekonomiko ona. Horrez gain, Euskal Herriko beste talde baten eskaintzaren zain nago. Fitxatzeko esperantzarik ba al duzu? Esperantza da azkena galtzen dena. Baina esperantzarekin batera beldurra ere badut, ez baitakit zer gertatuko den. Izugarrizko inpotentzia sortzen dit itxaron beharrak, sekulako gogoa baitut futbolean serio jokatzeko. Nola ari zara prestatzen? Neure erara entrenatzen dut, bi lagunekin batera. Hernaniko errugby zelaian eta bertako gimnasioan aritzen naiz. Zaila da, ordea, motibazioari eustea, ez baitakit emaitzik izango duen. Orioko edo beste herrietako taldeetara batzea pentsatu duzu? Bai, baina Orioko Futbol Taldea berandu hasten da entrenatzen. Bestela, gustatuko litzaidake inguruko taldeetan aritzea. Futbolari asko al daude zure egoera berean? Bai, egoera orokorra da. Ni bezala dauden gazte asko ezagutzen ditut, orain arte bigarren mailan aritu direnak, eta ondo jokatu dutenak. Oso jokalari gutxi fitxatzen dituzte orain. Arazoa diru kontua da. Futbolean krisiak bete betean jo du. Lehen futbolariek gehiegi kobratzen zutela uste dut, eta orain horrek ondorioak ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide