Bihar iluntzean hasiko da Bisiguaren Festa Orion, eta larunbatera bitartean Kantauri Itsasoko 500 bisigu inguru prestatuko dituzte Joxe Mari Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola Katxina herriko parrileroek.
Laugarren aldiz antolatu du festa Orioko Udalak, eta horretarako herriko eragileen laguntza izan du; biharko afariariarekin hasiko dute festa, eta guztira lau otordu egingo dituzte, baina dagoeneko agortu dira otordu guztietara joateko txartelak.
Otorduez gain, beste hainbat ekimen izango dira; etzi, esaterako, bisiguaren bila egingo dute, eta irabazten duen taldeak gaueko otordura doan joateko aukera izango du.
Orioko EAJ alderdiak, bere aldetik, jakinarazi du Bisiguaren Festa antolatzeko Bilduk izan duen jarrerarekin «asko pozten» dela, eta aurten «kalitate maila» mantenduko dela adierazi du.
Bisiguaren Festaren eraginez plaza itxi egingo dute ibilgailuentzat bihar eguerditik igande iluntzera arte. Beraz, ibilgailuek herrira kaitik sartu beharko dute, baina herritik ateratzeko nahitaez Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko dute.