”Helburuak betetzen ari garela erakutsi dut”

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 13a

Edorta De Anta (Tolosa, 1971) Orioko arraunlariak aulki mugikorreko Espainiako Txapelketa irabazi du, arraunketa egokituan, pasa den asteburuan. Txapelketa irabaztean gain, hurrengo hilean jokatuko duten Munduko Txapelketarako sailkatzea lortu du De Antak. Ostiralean, larunbatean eta igandean jokatu dugu Espainiako Txapelketa. Hiru estropadetatik bi irabaziz gero, Munduko Txapelketarako txartela lor nezakeen. Orokorrean ondo ibili naiz, eta hirurak irabazi ditut. Ongi prestatuta joan gara, baina oso urduri nengoen. Izan ere, aurreko bi aldietan Espainiako Txapelketa irabazi duenarekin lehian aritu naiz. Pareko maila dugu, eta lehia estua izango zela banekien. Gainera, banekien Espainiako Txapelketa ongi prestatu ohi duela. Baina azkenean dezenteko aldearekin irabazi nuen. Irabaztea espero al zenuen? Banuen esperantza. Izan ere, aurreko saioetan erakutsi genuen aurreneko postuetan genbiltzala. Baina estropada amaitu arte ezin da jakin irabaziko duzun edo ez. Txapelketa irabazteak zer eman dizu? Alde batetik, poz handia eman dit, eta, bestetik, gure helburuak lortzen ari garela erakutsi dut. Horrez gain, nazioarte mailan ere borroka egiteko prest gaudela erakutsi dit garaipenak. Txapelketa irabazteaz gain, Munduko Txapelketarako ere sailkatu zara. Aurten, Eslovenian egingo dugu Munduko Txapelketa. Abuztu amaieran egingo dugu, eta lehenengo zortzi ontziak Olinpiar Jokoetarako sailkatuko dira. Gure helburua lehenengo zortzien artean sailkatzea da. Munichen (Alemania), Munduko Kopan, lortu genuen aurreneko zortzi postuetan sailkatzea, eta oraingo ere esperantza badugu. Gure ilusioa finalerako sailkatzea da, baina, printzipioz, Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea da dugun helburua. Badakigu asko kostako dela, baina hilabete baino gehiago dugu prestatzeko, eta lortzen saiatuko gara. Duela hiru urte sortu zenuten taldea Orion. Ordutik zer-nolako aurrerapausoak eman dituzu? Aurrerapausoak handiak izan direla nabari dut. Asko ari naiz ikasten, eta izugarri aldatu dut arraun egiteko modua. Itsasoan gaudenean nabari da, eta oraindik asko ikasiko dudala argi dut. Ea gorputzak indarra ematen didan hobetzeko. Txapelketa irabazteak aurrera begira indarra eman dizu? Bai, asko. Munduko Kopara joateko txartelak ere asko piztu ninduen, eta orain ere pizgarria izan da. Aurten abantaila izatea lortu dut, eta asteburu honetan egin dudanak indar handia eman dit. Halaber, lortutako emaitza asko Juan Angel Garmendia entrenatzaileari zor dizkiogu; beraz, eskerrak eman behar dizkiot. Nolako denboraldia egin duzu? Orain arte oso ona izan da. Iaz zailagoa izan zen Espainiako Txapelketa, baina aurten, orokorrean, zorte gehiago izan dut. Aurtengo helburua bete al duzu dagoeneko? Espainiako Txapelketako poza dut oraindik, baina berriro lanean hasi beharra dut, une hauetan dudan helburua Olinpiar Jokoetarako sailkatzea baita. Aurrera begira zer asmo dituzu? Pausoz pauso. Bihar biharkoa egingo dut, eta ikusiko dut zer gertatzen den. Datozen hilabeteetan behintzat Munduko Txapelketa prestatuko dut buru-belarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide