«Udaletxera gauzak eskatzera etortzen direnetakoa izan naiz»

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 12a

Beñat Solaberrieta (Orio, 1982) alkateak beste «erronka» bati heldu dio, eta «esfera» berri baten dagoela aitortu du. Herriko elkarteetan ibili izana egungo kargurako «abantaila» dela uste du alkateak, eta orain arteko Udalaren eta eragileen arteko harremana aldatu behar dela uste du.
Zer moduzko hilabeteak izan dira azkenekoak?
Bilduko hautagaia izatea proposatu zidatenean zalantzak izan nituen. Azkenean, animatu egin nintzen, eta kanpaina hasi zenean gauza berriak egiten hasi nintzen: jendearen aurrean beste modu batera hitz egiten, argazkiak ateratzen, hitzaldiak ematen... Finean, jendearekin beste modu batera harremantzen hasi nintzen. Lehen bost minutu egiten nituen etxetik lanera joateko, baina horren ondorioz, ordu erdi behar nuen. Alkate izendatu nautenetik, berriz, ordu erdi hori ordubete bihurtu da, eta dagoeneko ez naute animatzeko gelditzen, gauzak eskatzeko baizik. Nire irudia publikoa denez, ongi eraman nahian nabil. Pertsonalki, izaera irekia dut, eta kritikak onartzeko ez dut inongo arazorik. Baina bizitzan iraultza da hau, eta beste esfera baten nago une hauetan. Horrek herriko kontu guztiak beste modu baten ikustera eraman nau.
Uste baino gogorragoa al da?
Ez da gogorragoa. Beste plano batera pasatu naiz, hori da kontua. Lehen argi ikusten nituen gauzak orain pixkat lausoak ikusten ditut, eta lehen lausoak nituenak gero eta argiago ikusten ditut. Informazio gehiago izateak aberastu egiten nau, eta badakit lau urteetan asko ikasiko dudala. Ilusiz nago, eta taldeak lagundu egiten du horretan; taldean giro ona dugu, eta elkar errespetatzen dugu. Gauzak ulertzeko eta alderdi ludikoa bizitzeko modua ere antzekoa dugu.
Nola iritsi zara alkatetzara?
Betidanik izan naiz parte- hartzailea; elkarteetako partaide izan naiz. Txurrumuski aisialdi taldean, esaterako, hamar urte ibili nintzen, eta bertako motorra ere izan nintzen, benetan bizitzen nuelako, eta nire bizitza profesionala norabide hori hartzekotan zelako, gero guztiz aldatu bada ere. Saltsa horretan ibiltzeak Udala eta beste elkarteen kudeaketa ezagutzera eraman nau. Honetarako gaitasun batzuk banituela ikusi, eta proposatu egin zidaten, eta baietz esan nuen.
Horrenbeste taldetan parte hartu izanak konfiantza eman dizu alkatetzarako?
Bai. Horrelako elkarteetan sartzean, lan kargak atzerakoa ematen die batzuei. Niri justu aurkakoa gertatzen zait: naizen bezelakoa izanda, gustatu egiten zait gauzak birplanteatzea eta aztertzea. Elkarteetara erabat lotzen naiz, esperientziak erakutsi dit. Dinamika horrek ekarri nau honaino.
Nolako erabakia izan zen Bilduko zerrendaburua izatea?
Guztien arteko erabakia izan zen. Lehenengo taldearen diseinua egin genuen, eta gero zerrendaburua erabaki genuen. Iritzi anitzak egon arren, nire hautagaitza ia aho batez erabaki zen, nuen ibilbidearengatik eta lan egoerarengatik.
Aurretik zertan egiten zenuen lan?
Lan asko egin ditut. Fagorren teknikari bezala aritu nintzen, eta gero hezkuntza mundura joan nintzen. Azken hiruzpalau urtetan Hezkide eskolan aritu naiz irakasle gisa, enpresei eta elkarteei formazioa ematen. Magisteritza amaitu berri, hezkuntza formalera salto egitea zen nire asmoa, baina beste abentura hau etorri da.
Inoiz pentsatu zenuen alkate izango zinela?
Ez. Txurrumuski aisialdi taldean genbiltzenean, eta Udalarekin haserretzen ginenean, udaetxe propioa sortu behar genuela esaten genuen, txantxatan. Eta beti alkate postuan jartzen ninduten.
Pertsonalki, zer eman dizu kargu honek?
Momentuz, buruan ez dut beste ezer. Hori ekarri dit. Zaila egiten zait deskonektatzea, baina ikasiko dut, badakit. Bestetik, herrian lan egitea erosoa da, baina, aldi berean, deserosoa ere bai; zaila da herriko jende, banku, taberna eta eragile guztiekin lan egin beharra; hau da, lana nire eremuan egiten dut, baina nire aisia ere bertan egiten dut.
Nolako harremana izan duzu politikarekin?
Beti interesatu zaidan gaia izan da, baina oso urrunekoa ikusi izan dut. Inoiz ez dut nire burua politikari ikusi. Euskal Herriko eztabaida beti jarraitu izan dut, baina ez naiz inoiz busti, nire burua beste plano batean ikusten nuelako. Herri mailako politika gehiago interesatu izan zait, gertuago bizi izan dudalako. Udaletxera gauzak eskatzera etortzen direnetako bat izan naiz. Inoiz ez natzaio talde politiko bati atxiki, eta orain, eskaintzaren ostean, benetan interesatzen zaidan gauza bilakatu da.
Zertan aldatu da zure bizitza?
Denbora libre gutxiago dut, eta agenda oso okupatua. Denbora librea lehen baino gehiago baloratzen dut.
Zerbait ematen al duzu faltan?
Printzipioz, ez. Erronka onartu dut, eta buru-belarri jardun behar dut honetan. Beharbada, bi urte barru emango dut zerbait faltan, baina prozesua da, eta lau urteko konpromisoari eutsi behar diot. Baikorra naiz, eta hala
izan behar dela uste dut, bestela zaila da lana aurrera ateratzea. Badakit gauza asko irabaziko ditudala.
Elkarteetan aritzen zinenean, nola ikusten zenuen Udala?
Taldeetako kide nintzenean Udala urruti ikusten nuen. Udala, elkarteen zerbitzura egon beharrean, alderantzizkoa gertatzen zela ikusten nuen: elkarteak zeuden Udalaren zerbitzura. Elkarteak zerbait eskatzera udaletxera joaten zirenean deseroso zeudela antzematen zen. Horri buelta eman behar zaiola uste dut. Herriko elkarte guztiak modu positiboan ikusi behar ditu Udalak, horrek eduki ditzakeen arazoekin. Herrian halako taldeak izatea aberatsa eta garrantzitsua dela jakin behar dugu, eta horiek egiten duten lana saritu, baloratu eta mimatu egin behar dugu. Hori da gure lana. Eragileak ere orduan jabetuko dira Udalarekin batera lan egin dezaketela.
Egoera hori zeuk bizi izana abantaila dela uste al duzu?
Bai, hala da. Duela gutxira arte egon naiz egoera horretan, eta bertan daudenak ongi ezagutzen ditut. Ni ere gertukoa naiz haientzat.
Oriok zer arazo ditu?
Turismo ereduaren inguruko hausnarketa egin behar dugula uste dut, gure etorkizuna eta lehenaldia kontutan hartuta. Izan ere, Oriok kosta izateak ez du esan nahi Espainiako Mediterranioko politika bera jarraitu behar duenik, eta 5.000 biztanle dituen herri arrantzale batek nolako jasangarritasuna duen aztertu behar da. Bestetik, hezkuntza zentroen arteko harremanetan ere sakondu egin behar dugula uste dut. Eguneroko bizitzan herritarrek dituzten arazo txikiak konpontzen saiatu behar du Udalak. Orain arte, proiektuak aurreikusi egin dira, eta horretan jarraitu behar dugu.
Zein dira Udalaren lehentasunak?
Teknifikazio zentroa, etxebizitza arazoa, turismo plana eta euskararen sentsibilizazioa landuko ditugu, besteak beste.
Kanpaina hasieran EAJk adinduen egoitzaren proiektua plazaratu zuen. Zer asmo duzue horri dagokionean?
EAJk inolako funtsik gabeko proiektua azaldu zuen. Egia da eraikina dugula, baina proiektua gauzatu ala ez erabakitzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena da. Kosta Legea ere kontutan hartu behar da. Proiektu interesgarria da, eta baimenak lortuz gero has gintezke pausoak ematen.
Nolako elkarlana espero duzu Orainekin?
Ez dugu egin gobernu akordiorik. Printzipioz, gai puntualak plenoan adostuko ditugu. Ildo bera jarraitzeko asmoa dugu, eztabaida sarri izango badugu ere.
Eta EAJrekin?
EAJk oposizioa egitea erabaki du. Ez dute ikusten aldaketa aldarrikatu duen alderdiarekin bat egitea, hori jarrera logikoa dela. Denborarekin, ordea, guztion artean egin beharreko gauza dela ohartuko direla uste dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide