EAJk uko eginda, batzordeen ardura Bilduk eta Orainek izango dute

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 8a

Udalbatza berriak atzo egin zuen lehenengo bilkura, ez- ohikoa. Bertan, datozen lau urteetarako batzordeak eta bertako kideak, liberazioak eta soldatak onartu zituzten, besteak beste. Ia puntu guztiak Bildu eta Orainen aldeko botoekin onartu dituzte, EAJk bere desadotasuna azaldu baitu zenbait puntutan. Agintaldi berrirako sei batzorde osatu ditu Udalbatzak, eta horietako lau Bilduren ardurapean izango dira, eta beste biak, berriz, Orain plataformak izango ditu. Batzorde informatzaile bakoitza hiru kidez egongo da osatuta, baina Gobernu Batzordean EAJk ez du parte hartuko, eta Bildu eta Orain taldeetako bina ordezkarik osatuko dute; Beñat Solaberrieta, Amaia Dorronsoro, Miriam Uranga eta Jokin Izagirre dira horiek. Bilduk jakinarazi du  hasierako planteamendua "udal anitza" sortzea zela, eta horretarako EAJri bi batzorde eta Oraini bat eskaini ziotela. Halaber, gobernu organoa hiru alderdik osatzea erabaki zutela ere iragarri du, "erabakitze ahalmena" berdina izan zedin, baina EAJk horri uko egin ziola jakinarazi du: "Gobernuan ez dutela parte hartu nahi adierazi digute, batzordeetan parte hartuko duten arren. Errespetagarria da alderdiaren jarrera, nahiz eta gure nahia guztien artean osatutako gobernua eratzen den", dio koalizioak. Hala, Hirigintza, Ingurumena, Ogasuna eta Pertsonala batzordearen ardura Beñat Solaberrieta alkateak izango du; Nekazaritza, Arrantza, Industria eta Turismoa batzordearen ardura Miriam Uranga Oraineko ordezkariak izango du; Obrak eta Zerbitzuak saila, berriz, Amaia Dorronsororen (Bildu) ardurapean izango da; Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festak batzordea Jon Agirresarobek (Bildu) izango du ardura, eta Ongizatea, Enplegua eta Merkataritza batzordea Miriam Urangaren gain izango da. Bildu eta Orain plataformaren aldeko botoekin onartu ziren batzordeak, eta EAJ alderdia abstenitu egin zen. Batzorde horiez gain, Bozeramaile Batzordea osatzeko eskaera luzatu du EAJ alderdiak, hilean behin ordainketen edota dekretuen inguruan informatzeko. Ordainsariei dagokienez, berriz, %20 jaitsiko dituzte, eta alkatearen soldata Udalhitz kategoria mailarekiko sei puntu jaitsiko da. Jaitsieraren arrazoia krisi ekonomikoa dela adierazi du Bilduk, eta, beraz, diru publikoaren erabilera "zaindu" behar dutela gaineratu du. Horrez gain, bi zinegotzi liberatuta egongo dira, baina horiek maila desberdinak izango dituzte; Solaberrietak liberazio osoa izango du; Miriam Uranga Oraineko zinegotziak alkateorde kargua ere izango du, eta liberazio erdia izango du eta Amaia Dorronsoro Bilduko zinegotziak, berriz, laurdena izango du. Aldeko zazpi botokin eta EAJren sei abstentziokin onartu zuten hori. Izan ere, Redondo jeltzaleak alkateari eskatu zion informazio hori aldez aurretik bidaltzea; alkateak, berriz, erantzun zion txostena ez bidaltzearen arrazoia azken ordura arte puntuak lotzen ibili direla izan dela. Alderdien eta zinegotzien ordainsariei dagokienez, berriz, alderdi bakoitzak hilean 350 euro jasoko ditu hilean, eta batzordekide 200 euro jasoko dute, halaber, batzordeburuek 300 euro irabaziko dute. Izan ere, jeltzaleen ustez ez da "bidezkoa" alderdi politiko guztiei ordainsari berdina ematea, horiek dituzten ordezkari kopuruak kontutan hartu gabe. "Orain arte proportzionaltasuna mantendu da eta horren aldekoak gara", esan du Redondok. Solaberrietak, bere aldetik, erantzun zion horretarako arrazoia "krisi ekonomikoa" dela. Halaber, liberatuta dauden ordezkariek ordainsari hori ez dutela jasoko nabarmendu zuen. Bestetik, Udalbatzarraren bilkuraren ohikotasuna onartu zuten; hileko azken ostegunetan, 20:00etan egitea onartu zuten ordezkariek, Bilduren eta Orainen aldeko  zazpi botokin; EAJk aurka bozkatu zuen, ordutegi hori "desegokia" dela arrazoituz: "Erakundeetatik familia kontsilazioaren inguruan ereduak ematen ari gara, eta iruditzen zaigu bilkurak 20:00etan egitea ez dela egokia, batez ere, familia dugunontzat", adierazi zuen Noemi Ostolaza EAJko ordezkariak. Solaberrietak, berriz, jakinarazi zuen  "proposamena" izan dela, eta ordutegia adostu daitekeela. Ordu horretan jartzeko ideia merkatariek bilkuretara joateko aukera izatea dela esan du alkateak.
  • Udal Batzordeen osaketa:
- Hirigintza, Ingurumena, Ogasuna eta Pertsonala: Beñat Solaberrieta (Bildu), Miriam Uranga (Orain) eta Angel del Hoyo (EAJ). - Nekazaritza, Arrantza, Industria eta Turismoa: Miriam Uranga (Orain), Ekiñe Saizar (Bildu) eta Jon Redondo (EAJ). - Obrak eta Zerbitzuak: Amaia Dorronsoro (Bildu), Eugenio Cotado (EAJ) eta Jokin Izagirre (Orain). - Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festak: Jon Agirresarobe (Bildu), Miriam Uranga (Orain), Lurdes Salsamendi (EAJ). - Kirola, Aisialdia eta GazteriaBixente Lasa (Bildu), Jokin Izagirre (Orain) eta Elena Etxeberria (EAJ). - Ongizatea, Enplegua eta MerkataritzaMiriam Uranga (Orain), Amaia Dorronsoro (Bildu) eta Noemi Ostolaza (EAJ).
  • Beste organoetako ardurak:
Urkome: Beñat Solaberrieta. Gipzukoako Ur kontsorzioa: Beñat Solaberrieta. Euskal Fondoa: Beñat Solaberrieta. Kutxa: Beñat Solaberrieta. Udalarrantz: Beñat Solaberrieta. Urola Kostako Udal Elkartea: Beñat Solaberrieta eta Noemi Ostolaza Uema: Beñat Solaberrieta, Jon Agirresarobe eta Ekiñe Saizar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide