Eliza urrira bitartean itxi egingo dute, lanengatik

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 30a

Orioko San Nikolas elizan azken 30 urteetako obra garrantzitsuenak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Eliza barruko hainbat eremu konpontzen hasiko dira datorren astetik aurrera, eta, ondorioz, hiruzpalau hilabetean itxi egingo dute eliza, eta zenbait zerbitzu lekuz aldatu.
Unai Manterola elizako apaizak jakinarazi du lur berria jarriko dutela eliza barruan. Horrez gain, sabaia eta hormak garbituko dituzte. Izan ere, teilatua konpondu baino lehen sartu zen urak sabaia «kaltetu» egin zuela adierazi du apaizak. Halaber, organoa ere berrituko dute hilabete horietan. Piezak garbiteaz gain, berriak ere jarriko dizkiote. «Organoaren egoera larria da, eta hori berritzea premiazkoa da», dio apaizak.
Manterolak adierazi du lanak «egin beharrekoak» direla, eta bost urte behar izan dutela proiektua prestatzeko. Urria amaierarako bukatuko dutelakoan da. Bitartean mezak parrokiako saloian egingo dituzte astegunetan; asteburutako mezak eta hiletak, berriz, Ikastolako aretoan egingo dituzte.
Manterolak jakinarazi duenez, organoaren lanek ez beste obrek 240.000 euroko aurrekontua dute, eta parrokiaren, Gotzaitegiaren eta «eliztarren ekarpenek» artean finantziatuko dituzte. Halaber, Udalari ere diru-laguntza eskatu diola esan du. Obra horien nondik-norakoak bihar egingo duten batzar irekian azalduko ditu Manterolak; 20:00etan elkartuko dira, elizan bertan.
Hurrengo astelehenean itxiko dute eliza. Egun horretan eliza barruko bankuak ateratzen hasiko dira, 09:00etan. Aste osoan jardungo dute bertako gauzak ateratzen, «auzolanean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide