Orion San Pedro Eguna ari dira ospatzen, eta goizetik haurrek hartu dituzte herriko kaleak; XXIV. Literatu Lehiaketako sari banaketa egin dute Udaletxean, eta herriko haur ugari saritu dituzte egin dituzten ipuin, olerki eta marrazkiengatik. Diplomak besapean, ondoren herri kiroletan ibiltzeko aukera izan dute plazan; sokatira, lokotx-bilketa edota txinga tailerrak egin dituzte eguerdira bitartean.
Halaber, meza nagusia egin dute 12:00ak puntuan, eta, ohi bezala, Udalbatzak bertara prozesioa egin du, txistulariez lagunduta.
Arratsaldean ere haurrek izango dute ongi pasatzeko aukerarik, ume eta gaztetxoek pilota txapelketako finalak jokatuko baitituzte; iluntzean, berriz, triki-bertso.poteoa egingo dute Errikotxia eta Danbolin musika eskolako kideen eskutik, eta gauean su artifizialak eta erromeria izango dira.
Herritarrek atzo eman zieten hasiera festei, eta arratsaldetik aurrera San Pedro bezpera ospatu zuten; iluntzean, Orioko sofbol taldeak bota zuen suziria; denboraldian zehar egin duen lanarengatik taldea aukeratu dute festei hasiera emateko; sofboleko, futboleko eta Orioko traineruetako neskak izan ziren udaletxeko balkoian, eta, bitartean, elkarteetako kideek plaza girotu zuten danbor hotsen bidez.
