Etxeluze gaztetxeak lehenengo urtemuga ospatuko du asteburuan

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 28a

Datorren larunbatean urtebete beteko da Orioko gazte talde batek hutsik zegoen Etxeluzea eraikina okupatu eta gaztetxea izendatu zutenetik. Hasieran hamar gazte inguruk hartu bazuten ere, ehunka lagun izan dira gaztetxean prestatu dituzten ekintzetan urtean zehar. Urtea beteta, beraz, herritarrek gaztetxearen urtemuga ospatuko dute ostiralean eta larunbatean.
Ate ireki saioa egingo dute ostiralean, eta horrekin hasiko dituzte ospakizunak. Urte osoan zehar gaztetxeko ekimenetan ateratako argazkiekin osatutako proiekzioa eskainiko dute. Gauean, berriz, kontzertu akustikoak izango dira. Larunbatean herri bazkaria egingo dute gaztetxean, eta txartelak aldez aurretik eros daitezke, Aterpe, Baraka eta Errusta tabernetan. Bazkaldu eta gero, jolasak eta poteoa egingo dute, eta gauean kontzertuekin emango diete amaiera lehenengo urteurreneko ekitaldiei.
2008ko urrian Orioko gazte talde batek Etxeluzean sartzeko asmoa adierazi zutenetik bide luzea egin du eraikinak. Pixkanaka «egonkortu» egin dela diote kideek, eta azken aldian gero eta «mugimendu handiagoa» dagoela diote.
Pasa den urtarrilean, orduko Udalbatzak egin zuen udalbatzarrean gaztetxearen aldeko mozioa onartu zuen. Era berean, «urratsak» emateko konpromisoa hartu zuen Udalak orduan. Halaber, Etxeluze eraikina Orioko Hiri Antolamendura sartzea erabaki zuen Udalbatzak apirilean. Behin-behineko erabaki horrek eraikina herrian «kontsolidatu» egingo duela jakinarazi zuen Udalak.
Ordenantza barruan sartzea gaztetxea «egonkortzeko» lehen pausoa izan zela uste dute kideek, eraikina botatzeko «arriskua alboratu eta tramitazio bidea ireki» zuelako horrek. Halaber, azken astean, Bildu koalizioarekin eta Orain plataformarekin elkartu direla jakinarazi dute gazteek, eta aurrerantzean «elkarlanerako asmoa» azaldu dietela adierazi dute. Eraikinaren erabilera bermatzeko, hartu beharreko gutxieneko garbitasun eta segurtasun neurriak zein diren ikertuko dutela aurreratu dute.
Gainera, kideek adierazi dute Udala erosteko aukera ikertzen ari dela, ondoren gazteei uzteko. Hala ere, eraikinaren zati bat Kosta Legearena izanik, horrek ere bermatu behar du Etxeluzearen erabilera.
Eraikinean sartu zirenetik ekitaldi ugari antolatu dituzte gazteek, eta baratza bat ere jarri berri dute. Gazteek ostiraletan egiten dituzte asanbladak, baina, horrez gain, hainbat ekintza ere egiten dute. Esaterako, batukada ikastaroa hasi du herriko talde batek, eta trikitilari talde batek ere entsegu gune du eraikin hori. Baina Etxeluzeko azpiegiturak «konpontzea» garrantzitsutzat jotzen dute kideek, ekitaldiak antolatzerako orduan «mugatu» egiten duelako eraikinaren egungo egoerak.
Arazoak arazo, gazteek adierazi dute aurrera begira «gogotsu» eta «indartsu» daudela. Bide horretatik, herrian «bestelako koloreak» finkatzeko lanean jarraituko dutela aurreratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide