Marian Zubia oriotarrak haurra zenean lapurtu egin zutela uste du. Azken urteetan bere jatorria zein izan daitekeen ikertzen dihardu. Horrez gain, duela bi hilabetetik antzeko egoeran dauden pertsonei laguntza eskaintzen die Orion.
Kultur etxean gela bat izan du horretarako, eta zerbitzua martxan jarri zuenetik pertsona «ugari» joan zaizkiola laguntza eske adierazi du; antzeko kasuak guztiak: «Haur lapurtuen auziaren nondik norakoak entzundakoan jotzen dute nigana. Umea izatean hilda jaio zela esan zioten guztiei, baina ez zuten hilotza ikusi. Kasu gehientsuenetan, umea eurek lurperatuko zutela jakinarazi zieten ospitaleko ordezkariek, horretarako eskumenik ez bazuten ere», dio Zubiak.
Frankismo garaian lapurtu zituzten, ustez, haur gehien; oro har, jaioberriak zirela desagertu ziren Hego Euskal Herrian nahiz Espainiako Estatuan. Kasu ia guztietan gurasoek ezin izan zuten haurraren ustezko hilotza ikusi. Zubiaren arabera, EAEn azken sei hilabeetetan 400 kasu baino gehiago atera dira argitara, eta Francisco Francoren diktaduraz geroztik ere erregistratu dira; Gipuzkoan, esaterako, 1993. urteko kasu bat dagoela jakinarazi du.
Elkarrekiko laguntza
Ustezko biktimei euren kasua ikertzen laguntzen die Zubiak; jaiotza-agiriak eta ahal duten datu guztiak aztertzen dituzte. «Datak, ospitaleko gelak eta sendagileak edota agirietan dauden sinadurak aztertzen ditugu lehendabizi, paper horietan kontraesan asko egoten baitira». Ondoren, salaketa jartzen eta epaiketa eguna iritsi arteko prozesu «luzea» bideratzen laguntzen die. «Ez badira paperak zuzen betetzen, atzera botatzen dizkizute».
«Zalantza askorekin» jotzen dute berarengana oriotarrek. Horregatik, agiriak aztertzeaz gain, pertsonak aholkatzea eta laguntza psikologikoa ematea ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Zubiak argi du auziaren atzean «trama handia» dagoela, eta «uste baino jende gehiago» dela arduraduna uste du: «Inor ez da ausartzen ezer esatera, eta jende asko dago eskuak zikinduta; eta ez sendagileak eta eliz gizonak soilik». Auzia argitzeko erakundeek «mugitu» egin behar dutela nabarmendu du. Baina haien aldetik «babes falta» sumatzen du. «Lagunduko digutela esaten digute, baina gero ez da laguntza gauzatzen. Gainera, erregistroak ikusteko pertsonalki joan behar da; biktima gehienak edadetuak dira, eta adarra jotzen diete». Egoerak sortzen dien «inpotentziaren» aurrean, elkarri laguntzea beharrezkoa dela uste du Zubiak, eta horregatik eskaintzen du zerbitzua, besteak beste.
Bestetik, ustezko biktimek ezaugarri komunak dituzte, Zubiaren ustez: «Askotan, erditzera zihoazen amak gazteak izan ohi ziren, edota haur bat baino gehiago zuten. Bikien kasuak ere asko ikusi ditugu». Guztietan ere, egoera berdintsua zela dio Zubiak. «Haurrak jaiotzen zirenean esaten zieten hil egin zela, baina ez zieten umea erakusten; ikusten zuten kasuan, haurra urruti, ilunpetan eta goraino tapatuta egon ohi zen».
Oriotarraren ustez, «zigorgabetasuna izugarria da» auziari dagokionean, eta, ondorioz, gertatutakoaren informazioa lortzea «oso zaila» dela dio. Halaber, ez dutela «aurrera egiteko baliabiderik» sentitzen du, besteak beste, agiriak falta direlako: «Kasu gehienetan ospitale pribatuetan izan zituzten haurrak emakumeek, eta horietako asko dagoeneko itxita daude. Beraz, ez dakigu non dauden artxiboak». Bestetik, 24 ordu baino lehenago ustez hiltzen ziren haurrei abortu-agiria egiten zitzaien, baina Gipuzkoan 1975. urtetik atzerako agiri horiek guztiak falta direla dio Zubiak. «Horrenbeste dokumentu galtzea, arraroa izateaz gain, ikaragarria da. Agiri hori gabe gurasoek ezin dute frogatu haurra izan zutela, eta lur jota sentitzen dira».
Laguntzea asmo
Erregistroetako «hutsuneen» edo «akatsen» ondorioz, Zubiak uste du pertsona askok ez duela inoiz jakingo «lapurtu» egin zituztela. Hori hala, auziak «uste baino jende gehiagori» eragin diezaiokela uste du. Halaber, haurrez eta guraso biologikoez gain, adopzio guraso batzuk «biktima» izan zirela dio Zubiak: «Guraso batzuk uste zuten legezko adopzioak zirela, eta adopzio tramiteengatik ari zirela ordaintzen».
Zubiak lehen pertsonan bizi duen auzia ikertzen eta besteei laguntzen jarraitzeko asmoa du. Irailetik aurrera, berriro kultur etxean duen bulegoan izango da. Baina ordura arte, telefono bidez ere jar daiteke harremanetan harekin, 662-06 49 83 zenbakian.
«Auziko arduradun guztien izen-abizenak jakin nahi ditut»
Marian Zubiak sei urte darama bere kasua ikertzen, eta bide horretan aurkitu dituen kontraesanek lapurtutako haurra izan daitekeela pentsarazi dio. Pixkanaka-pixkanaka hainbat datu lortu du, baina oraindik jatorriaren inguruko «zalantza eta ezjakintasun asko» dituela aitortu du.
Haurra zela, adoptatu egin zutela esan zioten gurasoek. Haiek hiltzean, ordea, kasua ikertzen hasi zen oriotarra. Eta hasieratik kontraesanak topatu zituela dio: «Jaiotza-agirian adopziozko gurasoen datuak soilik jartzen ditu, eta eta legalki adoptatu izan baninduten, beste erregistro bat badagoela jarriko zuen».
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere jarri da harremanetan. Jaiotza-agiria bidali zuen bertara, erakunde horrek eramaten baititu adopzioak. «Agiri guztiak begiratu zituztela esan zidaten, eta haietan nire gurasoak biologikoak zirela zehazten zutela jakinarazi zidaten». Zubiak bazekien bere amak ezin zituela haurrak izan, eta ondoren egin zituen DNA frogek ez zela ama biologikoa baieztatu zutela dio.
«Tolosako Jasokundeko Ospitalearekin harremanetan jarri nintzen gero, jaiotza-agiriak ospitale horretan jaio nintzela baitio. Ez zegoela nire amaren erditze-erregistrorik esan zidaten hango arduradunek». Beraz, DNA frogek «egia» ziotela ondorioztatu zuen.
Ospitalearen inguruan ikertzen hasi zen gero. «Ospitaleko erditze liburuan bertan jaio nintzela agertzen al zen galdetu nien gero, eta esan zidaten erditze liburuak desagertuta zeudela, gaur egun ez dituztelako erditzeak egiten. Baina agiri bat dut, eta bertan dio 2008. urtean bazeudela erditze liburuak. Orduan, hiru urte hauetan nork desagerrarazi ditu liburuak?»
Une hauetan «zalantza handiak» dituela jakinarazi du oriotarrak, eta horregatik auziako «arduradun guztien izen-abizenak» argitara ateratzea nahi duela nabarmendu du, biktimek «informazioa» izan dezaten. «Jendeak erantzunak behar baititu».