Lehenengo aldiz Elkartasun Eguna ospatuko dute Orion

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 14a

Orioko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Elkartasun Eguna antolatu du lehenengo aldiz larunbaterako, hilak 18. Euskal preso politikoek eta beraien senideek eta gertukoek bizi duten egoera plazaratzeko asmoz antolatu du ekimena herriko taldeak.
Jaiak eta aldarrikapenak bat egingo duten egitaraua prestatu dute egun horretarako; hala, lehenengo elkartasun argazki jendetsua aterako dute kukurarrin, eta hamaiketakoa egin ondoren, haurrentzako eta koadrilen arteko jolasak egingo dituzte. Halaber, eguerdian herri bazkaria egingo dute. Bertara joateko txartelak dagoeneko salgai daude, eta Aterpe eta Kolon Txiki tabernetan eskuratu daitezke ostegunera bitartean, hogei euroren truke. Bertaratzen direnek txanpiak,  zikiroa entsaladarekin, postrea, kafea, eta kopa izango dute.
Ondoren, presoen aldeko manifestazioa egingo dute kaleetan zehar, eta omenaldia ere egingo dute. Gauean, Izate taldearen kon tzertuak emango dio hasiera parrandari.
Oriotarrek «askatasun haizea zabaltzeko eta bultzatzeko garaia» iritsi zaiela esan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, eta horregatik erabaki dute lehenengo aldiz eguna antolatzea. Taldeak nabarmendu du Euskal Herriko preso politikoekiko elkatasunak "bizirik" iraun duela beti: «Preso politikoak egoteak horiekiko elkatasuna dakar naturalki. Gure herrian bertan urte guztian zehar ekimen desberdinen bidez saiatzen gara espetxeen eta gure herriaren arteko distantzia laburtzen», dio Orioko AAMk.
Taldearen esanetan, Orioko herritarrek jasaten dituzten «eskubide urraketak» argitara eraman eta «norabide elkartu batean» lan egiteko asmoa dute. Horretarako, oriotarrengan informazioa zabaldu nahi dute, eta lehenengo aldiz ospatuko duten Elkartasun Eguna «indarrak biltzen» jarraitzeko pauso «garrantzitsua» izango da, taldearen ustez.
Antolatzaileak adierazi dutenez, badakite pauso hori ez dutela «egun batetik bestera» eramango. Hala ere, herritarren «presioa eta mobilizazioak» beharrezkotzak jotzen ditu taldeak. Horregatik, herritarrei kaleak «elkartasunez» betetzera deitu diete, eta aurrerantzean prestatuko dituzten mobilizazioetan ere parte hartzera gonbidatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide