Orioko Orain herri plataformak jakinarazi du biharko kargu hartze ekitaldian Beñat Solaberrieta Orioko Bildu koalizioko hautagaiari emango diola botoa. Beraz, Solaberrieta izango da datozen lau urteetan alkate. Miriam Uranga herri plataformako alkategaiak adierazi duenez, azken asteetan egin dituzten bileretatik ondorioztatu dute Solaberrietak "prestutasun gehiago" azaldu duela "elkarlana eta partaidetza" aurrera eramateko. Hala ere, taldeak argi utzi du ez dela Bilduren "eskutik" joango: "Gaiak banaka aztertuko ditugu eta unean uneko erabakiak hartuko ditugu", esan du Urangak.
Plataformak gogorarazi du Udalean hiru talde izango direla: Bildu koalizioa, EAJ alderdia eta Orain plataforma. Hori hala, hurrengo agintaldian talde guztiekin "elkarlanean" aritzeko asmoa dutela berretsi dute. Udal guztien arteko ardura banaketan "parekotasuna" eta "austeritate printzipioa" oinarritzat dituela adierazi du Urangak. Horregatik, herritarren "ongizatea" hiru taldeen "erantzunkizuna" izango dela nabarmendu du, eta horregatik lanean "arduraz eta errespetuz" ekingo dietela azpimarratu dute.
Joan zen maiatzak 22ko hauteskundeetan Orain plataformak bi ordezkaritza lortu zituen. EAJ alderdia izan zen lehenengo indarra, eta sei ordezkaritza lortu zituen. Hala ere, Bilduk bost ordezkari izango ditu Udalean, beraz, honek izango du alkatetza.