Jon Azkue: "Pixkanaka konfiantza hartuta, gustura nago egindakoarekin"

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 9a, 07:53

Hamazazpi urte ez ditu bete Jon Azkuek (Orio, 1994) eta bete du ametsa: eskubaloiko Espainiako gorengo ligan jokatzea. Asobal ligako azken bost partidetan Eibarko Arrateren elastikoa jantzita izan da lehian. Aste batzuz deskantsua hartu, eta uztailaren erdialdean Turkiara egingo du salto, han promesa mailako Espainiako selekzioarekin jokatzeko. Orain hiru denboraldi eraman zintuzten Eibar aldera. Bai, aurtengoa hirugarren denboraldia izan da Arraterekin. Kadete nintzela joan nintzen hara. Eta hirugarrengoan bete duzu ametsa. Espero al zenuen? Inolaz ere ez. Oparia izan da. Izan ere, denboraldia jubenilekin eta bigarren taldean jokatuz hasi zenuen, eta lehen taldean amaitu duzu. Hala da, bai. Jubeniletan nenbilen, eta Gabonak aldera bigarren taldearekin hasi nintzen jokatzen. Lehenengo taldearekin ere jokatu nuen lagunarteko bat. Normalean bigarren taldearekin eta jubenilekin jokatzen nuen asteburu berean. Euskadiko Txapelketako finala jubenilekin jokatu nuenean, ordea, Asobaleko taldearekin fitxa egin zidaten. Salto horren arrazoiak zeintzuk direla uste duzu? Entrenatzaileak esan zidan lesioak zeudela, jende falta, taldean egoera ekonomiko txarra eta, beraz, fitxa egingo zidatela. Apiriletik aurrera, haiekin aritu naiz. Aurten salbatu zarete. Salbatu gara, bai, baina asko kostata. Lan handia izan da mailari eustea. Taldearen egoera ekonomikoagatik bertako jokalariak bakarrik geldituko garela dirudi, eta ea datorren urtean nola moldatzen garen. Datorren urtean ere Asobalen mantentzea izango da zuen helburua, ezta? Zaila izango da, baina bai. Eta, zurea, lehen taldearekin jokatzen jarraitzea? Bai, noski. Azken bost partidak jokatu dituzu. Horietan erabaki al da denboraldia? Partida garrantzitsua Toledoren aurkakoa izan zen, jaitsiera haien eta gure artean zegoelako. Nire fitxa artean ez zegoen eginda. Partida hura berdindu egin zuten, eta hiru puntuko aldearekin jarri ginen. Nire kasuan, Guadalajaren kontrako partida izan zen aurrena; irabazteko modukoa genuen, eta hala egin genuen. Oraindik ez zegoen dena erabakita, baina horri esker lasaiago aritu ginen. Etxeko garaipena iritsi zen gero, ezta? San Antoni irabazi genion, bai. Toledok guztiak irabazi behar zituen, eta guk denak galdu, gu jaisteko. Beraz, azken hiru partidak askoz lasaiago jokatu genituen. Baina urduritasun puntu hori nabaritzen zen, jaisteko aukera bazegoelako. Barçak irabazi du liga, eta bigarren egin du Ciudad Realek. Talde handi horien kontra jokatzeko aukerarik izan al duzu? Ez. Datorren denboraldira arte itxoin beharko dut. Aurrean izan dudan talde onena Granollers izan da; laugarren amaitu dute liga haiek. Eta nire lehen gola ere haien kontra izan zen; azken bigarrengoan sartu nuen. Nola baloratzen duzu zeure lana? Oso urduri hasi nuen Asobaleko ibilbidea. Aurreneko aldia nuen, eta, gainera, telebistaz eman zuten partida, Espainia osoan. Gero, pixkanaka-pixkanaka, konfiantza hartu nuen, eta egindakoarekin gustura nago. Asobal ligan talde batetik bestera alde ikaragarria dago, ezta? Talde batzuk beste guztien gainetik daude, argi eta garbi. Bartzelona eta Ciudad Real dira horiek. Valladolid eta Granollers bezalakoak ere haingandik gertu dabiltza. Baina Bartzelonak, esaterako, orain gutxi eskubaloiko Championsa irabazi du, eta Ciudad Real izan du aurkari. Sekulako maila dute horiek. Ligan, 60 puntutik 58 lortu ditu Bartzelonak. Aldiz, behekoen kasuan, 60tik 5 lortu ditu Alcobendasek, guk 14... Ezberdintasun handia dago, eta behe aldeko talde batek inoiz ezingo dio irabazi goiko parteko bati. Arrateren egoera ekonomikoa txarra da. Horri buelta emateko aukerarik ikusten al duzue? Hala espero dugu. Ea norbaitek laguntzen duen eta honi buelta ematerik dugun, guztion onerako. Ikusteko dago nola etorriko den datorren denboraldia. Zer moduzko giroa dago Arrateren aldagelan? Klubaren egoera zaila kontuan hartuta, nahikoa ona. Ondo konpontzen gara denok geure artean. Julian Ruiz izan duzue entrenatzaile lanetan, baina badoa. Izen berririk ba al dago? Ruizi kontratuta amaitu zaio, eta klubak ez dio berritu. Oraindik ez dakigu zeinek zuzenduko gaituen datorren denboraldian, baina etxeko norbait izan daitekeela esaten dute. Gainera, laster haustekundeak egingo dituzte klubean, eta zuzendaritza berria hautatuko dute. Horren zain egotea beste erremediorik ez dugu. Jubenila zara oraindik, baina behin probatuta, Asobalen jokatzen jarraitu nahiko duzu datorren denboraldian ere, ezta? Gustura jarraituko nuke, bai. Bost partida jokatuta, urduritasunak alde batera utzita ditut, eta lasaiago jokatuko nuke orain. Lasai egin al zenuen lo lehenengo partidaren aurretik? Bai, baina ostiral batez izan zen partida, eta goiz hartan eskola izan nuen. Nerbioak jota pasa nituen eskola orduak, baita partidako minutuak ere. Nola uztartzen dituzu ikasketak kirolarekin? Goizetan ikasten dut, 08:00etatik 15:00etara. Etxera iritsi, bazkaldu eta etxeko lanak egin edo ikasi egiten dut. 18:45 aldean Eibarrerantz abiatzen naiz, 20:15etik 21:45era entrenatu eta etxera 23:00etan iristen naiz. Ostegunak izaten ditugu jai, eta asteburuetan partidak; kanpoan jokatzen badugu, ostiral gauean ateratzen gara, eta igande goizaldean iristen gara etxera. Hamasei urte dituzu, hazten ari zara. Zer esaten dizu taldeko medikuak? Lasai egoteko, garrantzitsuena lesiorik ez izatea dela dio. Udan indar pixka bat hartzeko ere esan dit, eta pisu saioak egingo ditut. Eskubaloian kolpeak jaso eta jaso aritzen zarete, besoak etengabe mugitzen eta korrika, alde batetik bestera. Lesioei dagokienez, nola moldatu zara orain arte? Urtero izaten dut zeozer, txorkatila okertzea edo antzeko zerbait. Aurten matrail-hezurra pitzatu dut, estropuz egin eta beste kirolari baten belaunaren kontra jota. Hilabete eta erdi geldirik egon nintzen, baina ez dut ezer larririk izan inoiz; oraingoz ez , behintzat. Zure hastapenei dagokienez, Orioko taldean hasitakoa zara, ezta? Txikitan hasi nintzen, eskolaz kanpoko ekimen moduan. DBH1etik aurrera federatuta ibili nintzen Orion bertan, taldea osatu genuelako. Bi urte egin nituen, eta gero Arratera pasatu nintzen. Arratekoak eurak fijatu ziren zugan, ezta? Bai. Hemengo taldea desagertzera zihoan. Taldekide gehienak arraunean hasi ziren, eta hiru gelditu ginen. Urte hartan bertan Euskadiko Txapelketa irabazi genuen, eta partida hura ikusten izan zen Arrateko entrenatzailea. Partidaren ondoren deitu egin zigun hiruroi, Arratera joan nahi al genuen galdetzeko. Hirurok joan al zineten? Bai, baina orain bik jarraitzen dugu; Ekain Lizarralde da beste oriotarra. Ander Atorrasagastik denboraldi bat egin zuen Eibarren, eta Zarauzko taldera joan zen gero. Zumaian eta Zarautzen ere badira eskubaloi taldeak. Gertutik jarraitzen al dituzu? Nire adinekoak bai, haren kontra jokatutakoa naiz-eta. Hortik aurrera, Zarautzen Espainiako lehen mailan dago Amenabar; hirugarren maila bezalakoa da hori. Badakit bigarren mailara igotzeko igoera fasea jokatu zutela, baina gol batengatik ez dute lortu helburua. Gustatuko al litzaizuke eskualdeko talderen bat ere Asobal Ligan aritzea? Bai, noski. Eta nik Arrateren bigarren taldearekin jokatuko banu, haien kontra ariko nintzateke. Baina beti politagoa da Asobal ligan jokatzea. Jon Azkue Bere txikian, handi Hamasei taldek hartzen dute parte eskubaloiko Asobal ligan , eta bi jaisten dira. Hamalaugarren egin du Arratek: «Justu-justu libratu gara», adierazi du Jon Azkue jokalari oriotarrak. 1,84ko garaierarekin, hamasei urteko gazteak «txiki-txikia» ikusten du bere burua besteen ondoan: «Ia guztiak bi metro eta ehun kilotik gora dira, eta ni, ba, txikia eta eskasa; indar aldetik ere bai». Eskubaloian aritzeko indarra behar da, denbora osoan kolpeak jasotzen direlako alde batetik eta bestetik. Hala ere, bera beste asko baino biziagoa, azkarragoa da. «Badira batzuk azkarrak direnak. Asobaleko historian gol gehien egin duena, esaterako, metroa eta laurogehira ez da iristen». Arrateko txikiena da oriotarra, baina ez Asobal ligakoa. Korrika egiteko azkarra eta arina da. Indarraren kontua, gainera, norekin alderatzen den ikusi behar izaten da: «Nire kategorian altu eta indartsuenetakoa naiz, baina alderantzizkoa gertatzen zait Asobal mailan». Postu batean baino gehiagotan jokatzera ohituta dago. Jubeniletan erdilari gisara hasi zen, baina lehen taldera pasatutakoan eskuin hegalean jarri zuten. Gero, punta edo mutur gisara jokatzen zuen baten lesioa zela-eta, eskuin hegalean eta ezker puntan, bietan hasi zen. Ezkerretik jokatuz gero, eskuinarekin jaurtitzen da, eta eskuinetik jokatuta, ezkerrarekin: «Nik eskuin hegalean jokatzen dut, baina esku txarrarekin». Eskuina baita bera. Opor gutxi, eta hala ere gustura. Halaxe dago kirolari gaztea. Abuztuaren 1ean hasiko du aurredenboraldia Arraterekin. Oraindik ez daki lehengo taldearekin ala bigarrenarekin jokatuko duen: «Ni oraindik jubenila izango naiz datorren denboraldian, eta ea zer jende dagoen taldean». Aurrena, ordea, Espainiako selekzioarekin hitzordua izango du Turkian: «Kontzentrazioa 18an hasiko dugu; Madrilen (Espainia) egun batzuk egin eta Turkiarantz joango gara». Promesa bezala joango da etorkizun oparoa duen gazte oriotarra

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide