Hitzarmena lortzen lagundu izana eskertuko die Ikastolak eragileei

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 9a, 08:30

Orioko Herri Ikastolak ikasturte amaierako eguna ospatuko du datorren igandean, hilaren 12. Egitarau zabala prestatu dute, goizean goizetik hasita egun guztirako. 10:30ean ekingo diote jaiari. Ikastolako ttuntturroek kalejira egingo dute herrian zehar.
Ondoren, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeek jaialdia egingo dute, Karela kiroldegian. Txalapartariei harrera eginez hasiko dute saioa. Haur Hezkuntzako ikasleak eskainiko dute ikuskizuna lehenbizi, hainbat animalia irudikatuz. Gero beste ikasleen txanda izango da; desagertutako musika talde eta abeslariei omenaldia egingo diete.
Bestalde, 11:30ean, Herri Ikastolaren eta Udalaren arteko hitzarmena lortzen lagundu izana eskertuko diete herriko eragileei. Hala, oroigarri bana emango diete. 12:15ean, berriz, Ikastolako irakasle eta ikasleek Xabier Lete artistari omenaldia egingo diote. Orioko Herri Ikastola aurreko plazoletan egingo duten hamaiketakoarekin amaituko dute Ikastola Eguna.
Erakusketa zabalik
Horrez gain, ikasturtean haurrek egin dituzten eskulanekin osatutako erakusketa jarri dute erakusgai aste honetan. Bihar bitartean egongo dira ikusgai gaztetxoen artelanak.
Edonork ikusi ditzazke ikasleen lan horiek. Eskulanen erakusketa 17:30etik 19:30era dago zabalik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide