Oiana Blancok Munduko Kopako proba irabazi du asteburuan, Madrilen

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 6a

Oiana Blanco Orioko judokak sasoi betean dagoela erakutsi du beste behin, Madrilen jokatutako Munduko Kopako proba irabazi baitu pasa den asteburuan. Proba garrantzitsua izan da oriotarrarentzat, datorren urteko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko puntuagarria izan baita. Hori hala, «oso gustura» dago lortutako emaitzarekin, eta aurkari «oso gogorrak» izan dituela aitortu du. Judo Klub Usurbil taldeko jokalariak Madrilen jokatu zituen saio guztiak irabazi ditu. Kanporaketa bidez eraman dute txapelketa aurrera. Lehenengo hiru borrokaldiak gainditu ondoren iritsi zen Blanco finalera. Shugen Wu Txinako jokalariaren aurka jokatu zuen finala, 48 kilo azpiko kategorian. Aurkari gogorra izan zuen oriotarrak. Besteak beste, 2009. urtean Munduko txapeldunorde izan zen Wu, eta aurreko urtean, berriz, brontzezko domina lortu zuen Vienan. Aurretik ere ezagutzen zuten elkar, behin baino gehiagotan lehiatu baitira, eta horrek estrategia lantzeko balio izan zion Blancori: «Aurretik prestatu genuen borrokaldia, eta momentuan distantzia ateratzea lortu nuen. Distantzia horretaz aprobetxatuta lortu nuen irabaztea». Aurrez aurre jardundakoak badira ere, lehenengo aldiz irabazi dio Wuri: «Txapelketa ona egin dut, eta oso pozik dago lortutako emaitzarekin. Aurrera begira konfiantza ematen dit», dio oriotarrak. Orain arte jokatu dituen txapelketetan «emaitza desberdinak» izan dituela adierazi du judokak. Aurreneko aldiz lortu du lehenengo postua, eta Madrileko garaipenak hurrengo Olinpiar Jokoetara begira «lan ona» egiten ari dela ziurtatu duela nabarmendu du: «Banekien proba gogorra izango zela, baina irabazteko esperantzak beti daude. Lana ondo eginez gero, irabazteko aukerak erreal bihurtzen dira, eta txapelketatan akatsik ez egitea da horretarako gakoa». Hurrengo maiatzera bitarteko txapelketetan joko olinpikoetarako puntuak lortzen jarraituko du. Mundu mailan puntu gehien dituzten lehenengo hamasei lagunek lortuko dute Olinpiar Jokoetarako txartela. Orain arte Blanco hemeretzigarren postuan egon da, baina asteburuko garaipenarekin bi postu aurreratzea lortu duela adierazi du. Hala eta guztiz ere, momentuz Olinpiar Jokoetarako sailkatuko litzateke, herrialde bakoitzatik pertsona bakar batek hartuko baitu parte. «Oraindik hilabete asko geratzen dira, eta gauza asko gerta daiteke. Hala ere, asteburuko emaitza oso garrantzitsua izan da, eta esperantzarik ez dut falta». Denboraldi ona Aurtengo denboraldiari dagokionez, berriz, Blancok adierazi du «ongi» sentitzen dela egiten ari den lanarekin, eta horrek aurrera begira «asko laguntzen» duela nabarmendu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide