Pasa diren udal hauteskundeen harira, Orain Orioko Aukera Independenteak adierazi du EAJ alderdiarekin eta Bildu koalizioarekin harremanetan jarriko direla datozen egunotan. Hala ere, argi utzi nahi izan dute ez direla «inoren eskutik» joango. Taldeak adierazi du ez duela «inorekin, inongo konpromisorik»; bai, ordea, herritarrekin: «Herriaren hitza udalera helarazteko konpromisoa hartua dugu, eta ildo horretatik arituko gara», dio herri plataformak.
Taldeak berretsi du herritarrek partaidetzan «sinesten» duela, beraz, Udala «herritarren zerbitzura» egotea nahi du.
Bestetik, oriotarrak «zoriondu» nahi izan ditu plataformak, hauteskundeek izan duten partaidetza mailarengatik. Halaber, taldeak jaso duen «konfidantzak» beraien «erantzunkizuna» areagotzen duela nabarmendu du. Hauteskundeetara lehenengo aldiz aurkeztu badira ere, taldeak nabarmendu du hauteskundeetan jaso duen «babesa» ez dela «edonolakoa» izan.
Bildu eta EAJ ere zoriondu ditu Orain plataformak, eta «elkarlanean» eta «oriotarren alde» lan egiteko gogoz daudela adierazi dute.