Orioko txoko bateko banku batean dago Jonh Grisham idazlearen Legitima defensa liburua. Ez du jaberik, baina etiketa bat du liburuaren azalean; zenbaki luze bat du, eta liburua batetik bestera ibiltzen dela jartzen du papertxoan. Barruan, beste etiketatxoa: liburua irakurri duenaren izena eta data bat. Bookcrossing deritzo mugimenduari. Norbaitek liburua kalean uzten du. Beste batek hartu, irakurri eta berriro txokoren batean utziko du, beste norbaitek berdina egin dezan. Farfara auzotarren elkarteak martxoan jarri zuen ekimena martxan, eta ordutik lau liburu utzi ditu herriko lau lekutan.
«Hilean behin literatur tertulia egiten dugu, eta azken urteetan ehunka liburu pilatu dugu. Tertulia horietatik sortu zen bookcrossing egiteko ideia, herrian irakurtzeko zaletasuna indartzeko asmoz», dio Miguel Nacenta Farfarako kideak.
Herriko kafetegietan eta bankuetan utzi dituzte liburuak orain arte: «Jendea ibiltzen den lekuetan eta irakurtzeko ohitura dagoen lekuetan utzi ditugu». Mota guztietako liburuak dira; erromantikoak, fantasiazkoak...
Momentuz, liburu batek egin duen ibilbidearen berri dute: «Herrian utzi genuen liburu bat Pasaira iritsi dela jakin dugu. Hango itsasargian utzi zuen hartu zuenak, eta hortik aurrera zer gertatu den ez dakigu, ezta beste liburuak non dauden ere», dio Mari Jose Gonzalez Farfara elkarteko beste kideak.
Hari batek lotzen ditu bookcrossing mugimenduan parte hartzen dutenak. Horretarako, literatura tertulietan erabakitzen dute zer liburu utzi kalean. Taldetxoan joaten dira, eta nonbaiten uzten dute. Orduan, liburuko istorioaz kanpoko beste istorioak sortzen dituzte elkarteko kideek: «Liburu bat utzi genuenean, hurrengo egunetan bertatik pasatzen nintzen, eta liburua hantxe zegoela ikusten nuen. Egun batean, ordea, falta zen. Orduan sortzen dira galderak: nork hartuko ote zuen, non utziko ote du?», dio Nacentak. Gonzalez ere bat dator harekin. «Izugarrizko kuriositatea» pizten duen ekimena dela aitortu baitu. «Beharbada, hemendik bost hilabetera beste herrialde batean dago liburua, eta istorio hori beste pertsonek ere partekatu dute. Hori da politena», dio irakurleak.
Edonork har dezake parte
eskutik eskurako ekimenean.
Liburua Interneten erregistratu behar da; hori da baldintza bakarra. Liburuaren izena eta sinopsia idaztean zenbaki bat ematen dute, eta hori liburuan jarri behar da, jasotzen duenak berriro
Interneten idatz dezan non
utzi duen. Interneten erregistratu ezean, ordea, liburua galtzeko arriskuan dagoela diote
kideek.
Liburu gehiago uzteko asmoa
Mundu osoko ekimena da Bookcrossing-a, baina oraindik inguruan ezezaguna dela adierazi dute Farfarako kideek. Ekimena indartzeko asmoz, aurrerantzean herrian liburu gehiago uzteko asmoa dutela jakinarazi dute. «Uda garaia bertan dela-eta, hondartzan uzten hasiko gara orain». Halaber, irail partean ere ikastetxe inguruan gazteentzako liburuak uztea pentsatu dute, haiek ere mugimenduaren berri izan dezaten.
Uda baino lehenago ere, ordea, herritarrek izango dute libururen bat topatzeko aukera; atzo bertan utzi zuten azken liburua, herriko txoko batean.