Bertso saio berezia izango da gaur Orion, Menorcako neurrian

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 26a

Menorcako (Herrialde Katalanak) glosadore-ak eta Orioko bertsolariek bat egingo dute gaur gauean. Bertso saioa eskainiko dute Kalakari tabernan, 22:00etan. Hala ere, ez da ohiko saio bat izango; herritarrek emanaldi bitxi batekin egingo dute topo. Menorcako bertsolariek katalanez abestuko dute oholtza gainean, eta oriotarrek, berriz, euskaraz egingo dute; gaineran, Joan Moll eta Joan Barcelo Verderol bertsolariek menorkina neurrian, Menorkako neurrian, abestuko dute. Xabier Sukia eta Iñaki Gurrutxaga herriko bertsolariek ere osatuko dute emanaldia. Orioko Errikotxia bertsozale elkarteak antolatu du saioa, eta Mikel Iruretagoiena izango da gaiak jartzen. Halaber, Eli Manterolak katalanetik euskarara itzuliko ditu Barcelo eta Mollen koplak, baina Manterolak ere kantuz euskaratuko ditu glosadore-en bertsoak. Antolatzaileek adierazi dutenez, saioaren hasieran bakoitzak agurra abestuko du. Tarte batean librean abestu ondoren, Iruretagoiena gaiak jartzen hasiko da bertsolariei. «Aukera polita» Antolatzaileen esanetan, Balearretako lagunek ere bat-batean jarduten dute, baina neurri eta doinu jakin batekin. Hori hala, Errikotxiako kideen ustez saioa«arraro samarrak» izango da. Hala ere, bertsolari guztien artean «gaiak eta doinuak nahastea aukera polita» izango dela adierazi dute. Menorkako bertsolariak asteburua pasatuko dute Euskal Herrian, eta bitarte horretan hainbat emanaldi eskainiko dute; lehenengoa Orion izango da, eta ostiralean, berriz, Gasteizen izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide