Orion Kultur Aniztasunaren Jaia ospatuko dute aste osoan zehar, eta hitzaldi sorta batekin hasi dituzte jadunaldiak. Munduko zenbait herrialde izango dituzte hizpide; Senegal, Sahara edota Brasil, besteak beste. Gaur, Orion bizi den Monique Luiza Nogueira brasildarra Amazoniako herrialdeaz ariko da, eta bihar, hilaren 25ean, Sidya Bodianesek Senegalen inguruan emango du hitzaldia. Saio guztiak kultur etxean izango dira, 19:00etan.
Orioko Udaleko Euskara batzordeak hirugarren aldiz antolatu du jaia, «herriko etorkinak euskarara» hurbiltzeko asmoz. Duela bi urte antolatu zuten lehenengo aldiz, eta jaiak izaten duen «harrera ona» aintzat hartuta antolatu dute beste behin ere, «Euskal Herriko eta munduko kulturak trukatzeko» asmoz.
Hitzaldiak aste osoan eskainiko baldin badituzte ere, larunbatean izango da festa handia herrian. Hainbat herrialderen topagune bihurtuko dute herriko plaza. Goizetik hasita, Ekuadorko, Hondurasko, Kubako, Mendebaldeko Saharako, Mexikoko, Nikaraguako, Portugalgo eta Senegalgo postuak jarriko dituzte.
Horiez gain, herrialde horietako musikaz gozatzeko aukera izango da egunean zehar. Dantza ikusgai izango da, Harribilen emanaldia, besteak beste. Euskal Herrikoak ez ezik, nazioarteko dantzak ere eskainiko dituzte.
Bestetik, ohikoa den moduan, futbol partida jokatuko dute ostiralean herritarrek, kultur aniztasunaren alde. Mendibeltz futbol zelaian lehiatuko dira, 19:00etan. Azken asteetan egun horretarako entrenatu dira taldeak, baina entrenamenduetara joan ez direnek ere har dezakete parte ostiraleko partiduetan.
Munduko sukaldaritza
Halaber, munduko sukaldaritza bertatik bertara ezagutzeko ikastaroa ari dira eskaintzen azken asteetan Toki Alai elkartean. Aurreko astean hasi ziren, eta eskoletan Mexikoko eta Brasileko gastronomia izan dute ikasgai herritarrek.
Kultur aniztasunaren festa
maiatzak 28, larunbata
11:00. Gunea jarriko dute herriko plazan: Senegal, Mexiko, Ekuador, Portugal-Nikaragua, Sahara, Euskal-Bahia,
Kuba-Honduras eta Maroko postuak jarriko dituzte.
12:30. Sarrera ekitaldia, umeekin.
13:00. Saharako musika.
18:00. Fadoak.
19:00. Euskal dantzak, Harribil taldearen eskutik.
20:00. Adierazpena irakurriko dute, eta bertsolariek saioa eskainiko dute.
20:30. Ekuadorko dantzak.
22:00. Senegaleko taldearen emanaldia.