Orion EAJk lortu du boto gehien; erroldatuen %43ek bozkatu du Jon Redondoren alderdiaren alde. Hala ere, aurreko agintaldian bezala, parekatuta geratu da gobernua. Izan ere, %35ek bozkatu dute Bildu koalizioa. Ondorioz, EAJ alderdiak sei zinegotzi lortu ditu, eta Bilduk, berriz, bost zinegotzi izango ditu agintaldian. Orain herri plataformarekin batera osatuko dute gobernua. Lehenengo aldiz aurkeztu den plataformak 395 boto lortu ditu, eta, beraz, bi zinegotzi izango ditu. Ondorioz, Orainek izango du giltza udal gobernua osatzeko.
Beñat Solabarrieta Orioko Bilduko alkategaia «pozik» agertu da emaitzekin. Solabarrietak halako emaitza lortzeko «esperantza» zuela aitortu du.
Miriam Uranga Oraineko hautagaia ere «oso pozik» azaldu da datuekin. «Izugarrizko parte-hartzea izan da, eta hori da gure plataformaren oinarrietako bat. Gainera, Orioko alderdiak soilik egongo gara, eta hori ere pozgarria da».
Aralarrek eta PSE-EEk, berriz, ordezkaritza galdu dute Udalean. Parte-hartzeari dagokioez, azken urteetako parte-hartze handiena izan dute hauteskundeek, %73k bozkatu baitute.
Duela lau urteko udal hauteskundeetan ere indar nagusiak nahiko parekatuta geratu ziren; EAJ izan zen lehen indarra, 857 lagunek bozkatu baitzuten Redondo alkategariaren alderdiaren alde. Ondorioz, lau zinegotzi lortu zituzten jeltzaleek. Orain, berriz, Redondok bigarren agintaldiari helduko dio. 2007an aurkeztu zen lehenengo aldiz alkatetzara, baina aurretik ere ezaguna zen herrian, Orioko arraun taldean aritu baitzen. EAE-ANV alderdia izan zen bigarren bozkatuena 2007an; 689 boto jaso zituen.
Ezker Batua-Aralar lehenengo aldiz aurkeztu zen Orioko hauteskundeetara, eta 486 boto lortu zituen taldeak orduan.
Oriotar gutxiagok eman zioten botoa PSE-EE alderdiari; 177 herritarrek, zehazki. Hala, Jesus Rodriguez zerrendaburu zuen alderdiak ordezkaritzari eutsi zion Udalean.
Aurten berrikuntzak ekarri dituzte hauteskundeek; eskualdeko gainontzeko herrietan bezala, Bildu koalizioak hautagaitza aurkeztu du. Baina beste formazio bat ere aurkeztu da lehen aldiz: Orain plataforma. Herritar eta eragile talde batek osatu du. Beste berrikuntza zinegotzi kopurua izan da. Bi gehiago izango ditu Oriok aurrerantzean, 5.000 biztanle gehiago lortzea eta mantentzea lortu baitu. Beraz, 13 hautetsik osatuko dute udalbatza.
Emaitzak:
EAJ 1.268
Bildu 1.038
Orain 395
PSE-EE 113
PP 38
ARALAR 37