Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atseginez gatozkizue berri on bat ematera, Orioko Herri Ikastolaren izenean: Badaukagu hitzarmena Udalarekin.
Hilabeteak eman ditugu hitzarmen horren atzetik. Bilera asko egin ditugu Udaleko talde desberdinekin, batzar asko egin ditugu ikastolan gauzak nola bideratu asmatzeko, ordu asko kendu dizkiogu lagunarteko aisiari, familiari, mobilizazioetara ere jo dugu, herriko ehundaka etxetako balkoietan ‘Hitzarmen’ hitzaren ‘H’ sinbolikoa jarri dugu oihal zintzilikatuetan, herriko eragileek babes ekintza desberdinak antolatu zituzten martxoan, sinadurak bildu ditugu, milaka … Denetarik egin behar izan dugu.
Orain gatozkizue esatera horrek guztiak balio izan duela zerbaiterako. Hobeto esateko, ziurrenik hori guztia gabe ez ginateke berri on hau ematen jardungo une honetan.
Beste ezer baino lehen esan beharra daukagu, beraz, hizki handiz, MILA ESKER hitzarmen hau egiten lagundu diguzuen oriotar guztioi. Orioko familia gehienek ikastola hautatzen dute euren seme-alaben heziketarako eta oso jarrera aktiboa azaldu dute ikastolak hitzarmena lortzeko arazoak izan dituenean. Oriotar gehienek bere egin dute ikastolaren beharra, kontzientzia kritikoa modu aktiboan adierazi dute, eta horrek eraman gaitu hitzarmen hau lortzera.
Udal Batzarraren gehiengoak berretsi egin du herriaren gehiengoak eskatutakoa. Pozik gaude honengatik. Mila esker ahalbidetu duzuen guztioi. Mila esker, bereziki, beti lanaren harira gurekin izan den Ikastolen Elkarteari.
Albiste ona ikastolarentzat, albiste ona ikastolaren lagunentzat, albiste ona oriotarrentzat. Pozik dakarkizuegu. ESKERRIK ASKO laguntza eman diguzuen guztioi.
Orioko Herri Ikastola