Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko EAJ alderdiak "legealdiko proiekturik garrantzitsuenetakoa" izatea bahi duen Zaharren Egoitza aurkeztu du. Udal hauteskundeetako programaren baitan proposatu berri du egitasmoa Jon Redondo EAJko alkategaiak; honen ustez, zerbitzu hori eskaintzeko "beharra" dago herrian, besteak beste, "herritarrak gero eta urte gehiago bizi garelako eta, beraz, horrelako zerbitzua herritar gehiago behar izango dutelako".
"Bizi kalitatea bermatzen duen lekurik hoberenean" egin nahi dutela aurreratu du alkategaiak, eta Arozena Zeramika fabrika aukeratu dute horretarako: "Leku paregabea iruditzen zaigu, eta herritik oso gertu dago".
Alderdiak diseinatutako proiektuaren arabera, zenbait aldaketa egin beharko lizateke hori gauzatzeko, eraikinaren egungo egoerak eta ezaugarriak ez baitira "bideragarriak". Hori hala, fatxada halabeharrez mantenduko lukete, baina barrualdean lau solairu sortzea proposatu dute. Guztira 120 plaza izango luke egoitzak, eta "eraikina apartamentu babestuekin, autonomia gehiago dutenen pertsonentzako gelekin, adinduentzako tailerrekin eta bestelako zerbitzuekin" osatzeko aukera dagoela adierazi du Redondok.
Hori guztia gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaharren Egoitzako plazak kontzertatu behar dituela aurreratu du alkateak. Beraz, Udala eta Aldundiaren arteko "elkarlanea" ezinbestekotzat jotzen du Redondok. EAJk sortutako egitasmoaren arabera, Zaharren egoitza enpresa pribatu batek kudeatuko luke.