Bost milioi euroko aurrekontua izango du Arraun Teknifikazio Zentroak

Onintza Lete Arrieta 2011ko maiatzaren 10a

Aurrera doa Arraun Teknifikazio Zentroaren proiektua. Eraikina urtarrilerako amaituta egotea espero du Udalak, eta atzo iluntzean jendaurreko aurkezpena egin zuten Kultur Etxean, proiektuaren hainbat xehetasun jakinarazteko. Jon Redondo alkateak eta Udaleko Kirol teknikari Mikel Izquierdok eman zituzten azalpenak. Azken honek xehetasun asko eman zuen jakitera, besteak beste proiektuaren aurrekontua 5 milioi eurokoa dela. Alkateak azpimarratu zuen Udalari ez zaiola «euro bakar bat» kostatuko eraikina egitea, eta orain erronka beste bat dute: zentroaren jardunak eragingo dituen gastuei «ahalik eta modu eraginkorrenean egitea aurre». Kalkuluen arabera, urteroko gastu arruntak «100.000 euro ingurukoak» izango dira. Izquierdok azaldu zuen prest dutela bideragarritasun plan bat, baina ez zuten xehetasunik eman. Hala ere, aurrerago egiteko aukera ez zuten baztertu. Izan ere, lanak amaitu aurretik eraikina bisitatzeko asmoa dute arduradunek. Eraikinak ia 6.000 metro koadro izango dituela jakinarazi zuen Izquierdok, hasieran aurreikusitakoak baino gehiago, eta materiala gordetzeko eremua herritarrei ere irekita egongo dela esan zuen. Hala, herritarrek piraguak edo dena delako materiala gordetzeko aukera izango dute, alokairua ordainduta. Teknologia berriena Eraikinak hainbat zerbitzu eta gune izango du. Arraunari zuzen-zuzenean lotutakoen artean 1.000 metro koadroko gimnasioa (lehengoak 500 metro koadro zituen), aldagelak, balorazio gela klimatizatua, fisioterapia gela, errekuperazio gela, ikasgela eta hipoxia gela daude. Horietaz gain, alberge txiki bat ere hartuko du barruan, kanpotik eliteko kirolariak etortzen direnerako. Hala ere, Izquierdok behin eta berriz azpimarratu zuen goi mailako kirolariak gutxi direla eta noizbehinka baino ez direla izango teknifikazio zentroan. Beraz, instalazioak gehienbat Orioko Arraunketa Elkarteko 150 kirolariek erabiliko dituzte. Herritarrei zuzendutako zerbitzu eta guneen artean, berriz, materiala uzteko eta alokatzeko biltokiak, museo-erakusketa gela eta denda aurkitzen dira. Eraikina berria izateaz gain, material guztia ere berria izango da, eta «azken teknologiaz hornituta» egongo da, Kirol teknikariak jakinarazi zuenez. «EAJ kanpaina egiten ari da» Jendez betetako aretoan arraun munduko herritarrez gain zenbait zinegotzi ere elkartu zen. Besteak beste, ezker abertzalekoak bertan izan ziren, eta azalpenen amaieran gogor kritikatu zuten EAJren jarrera. Proiektua «udaleko alderdi guztiena da, baina EAJk berea balitz bezala aurkeztu du», esan zuten: «EAJ hauteskunde kanpaina egiten ari da». Redondok erantzun zuen «herritarren hainbat zalantza argitzeko» erabaki zutela agerraldia egitea, eta kasualitatea izan zela kanpaina hasita egotea. Herritarrak Kultur Etxeko agerraldian

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide