Txosna Batzordeak Udalarekin Balearen Eguna prestatzeko "zailtasunak" izan dituela salatu du

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 10a

Gainean dute oriotarrek bost urtetik behin ospatzen duten egun handia, eta dagoeneko antzeman daiteke festa usaina; herritarrak hasi dira etxebizitzetako eta saltokietako balkoiak eta erakusleihoak sarez apaintzen; Udalak duela aste batzuk aurkeztu zuen egitaraua, eta orduan adierazi zuen «herritarrek proposatu duten ekintza guztiak aurrera eramatea» lortu zutela; Txosna Batzordeak, ordea, jakinarazi du Udalak deitutako lehen bileretan «programazio itxi» batekin egin zutela topo, eta «elkarlanean zailtasunak» antzeman zituztela: «Batzuk begiak maiatzeko hauteskundeetan, bazirudien proposamen berriek ez zutela leku askorik, eta eragile nahiz herritarren parte hartzea ere zalantzan ikusi zen», dio batzordeak.
Horien arabera, «parte hartzeko asmoz» eta «lan egiteko prestu» agertu ziren lehenengo batzarretara, eta Udalaren «borondate ezaren» ondorioz osatu dute egitarau propioa, «jai eredu parte hartzailean» oinarrituta.
Batzordeak jakinarazi du «herritarrentzat antolatutako» egitarau dela, eta beraz, beraiekin batera ospatzera gonbidatu dituzte «herritar guztiak». Argi utzi dute ez dutela «inorekin konfrontaziorik» nahi izan, baina «inposatu zaigun festarekin» ados ez daudenez «sinesten duten jai ereduaren alde» lan egitea erabaki dutela adierazi dute.
Bihar hasiko dira Txosna Batzordeak antolatu dituen lehen ekitaldiak; Ai ama, balea! antzezlana taularatuko du Blai taldeak, Kosta Tailerrean.
Hala ere, larunbata Balearen Eguna izanik, ordurako prestatu dute egitarau oparoa: Ttuntturroek emango diote hasiera egunari, eta ondoren sagardo eta talo dastaketak edota bertso poteoak izango dira. Halaber, herri bazkaria ere egingo dute ikastolako pergolan. Bertara joateko txartelak Uranga burdidegian, eta Koasta eta Kolon Txiki tabernetan erosi daitezke. Bazkalostean, gainera, trikiti doinuez lagunduta euskal kantak abestuko dituzte bertaratzen direnek.
Bestetik, Udalak antolatu dituzten hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek gaurtik aurrera; bihar,  19:00etan, Michael Barkhamek Euskal Balearen industria Labradorren XVI. mendean hitzaldia eskainiko du, kultur etxean. Gainera, ostiralean Apaizac obeto filma eskainiko dute.
Larunbatean ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa izango da herrian; beste beh in, Kantauri itsasoan oriotarrek harrapatu zutela gogoratuko dute; orduan egingo dute herri antzerkia, eta bertan berrehun baino lagun gehiagok hartuko dute parte; guztien artean antzeztuko dute gertakari historikoa. Orduan lehertuko da festa, eta antzerkiaz gain, marinel azoka, arrantzaren inguruko tailerrak eta jolasak, danborrada eta musika emanaldiak izango dira goizean goizetik hasita.
Halaber, Udalak ere antolatu du herri bazkaria larunbaterako, eta bertara joateko kultur etxean, kiroldegian, eta Bordatxo, Aterpe eta Errusta tabernetan eskuratu daitezke.
  • Maiatzak 11, asteazkena
- 18:30. Ai ama, balea! umeentzako antzezlana Blai taldearen eskutik, Kosta Tailerrean.
  • Maiatzak 14, larunbata. Balearen eguna
- Goizean. Ttuntturroak kalez kalea.
- 10:00. Goiko kaleko tabernen irekiera eta sagardo tastaketa eta talo jana.
- 11:30. Herri antzerkia.
- 14:30. Herri bazkaria ikastolako pergolan.
- 18:30. Kalejira poteoa balearen bertsoak abestuz.
- 23:00. Triki ta ke taldearekin erromeria, gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide