Pentsiodunen arabera, erakundeek euren «onurarako politikarik ez dute egin»

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 9a

Hogeitamar lagunetik gora bildu ziren eguerdian Orioko plazan pentsio duinen alde aldarrikatzeko. LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako erretiratuek, eta Nafarroako, Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako Foru Aldundiek daramaten politikekin euren "ezinegona eta gogaitasuna" azaldu dute.
Hemen eta Orain pentsio duinak lemapean, "hiritarrei dagozkien eskubideak" eskatu dituzte; besteak beste, "pentsio publikoak hobetu eta bermatu" behar direla azpimarratu dute.
Pentsiodunek salatu dute erakundee horiek "entzungor" egiten dietela beraien aldarrikapenei: "Hauetako bakar batek ere ez du gure herriko zaharren eta pentsiodunen onurako politikarik egin". Horien ustez, erakunde horiek "Madriletik ezarri ohi dituzten politiken kudeaketa eta gizarte-zerbitzuen esparruan murrizketak egitera mugatu dira". Hori hala, elkarretaratzean bildu direnek aldarrikatu dute "hilero deskontatzen dizkiguten kotizazioak eta jasotzen ditugun prestazioak bertan kontrolatu eta erabaki" behar direla.
Pentsio publikoez gain, desados agertu dira erakunde horiek zerga politikaren edota gizarte zerbitzuen alorretan egiten duten jarduerekin; hori hala, gizarte-zerbitzu publikoan "sarea sortzeko" beharra antzeman dute, "menpekotasun egoeran dauden pertsonen beharrez arduratzeko aurrekontu publikoen bidez onartzeko» edota «etxez etxeko laguntza zerbitzuak areagotzeko". Zerga politiken inguruan, berriz, Zerga Burujabetza lortzeko politikak ezartzea eskatu zuten pentsiodunek.
LABen arabera, pentsiodunen "erdia txirotasunaren azpitik" bizi da; izan ere, sindikatuak adierazi du pentsiodunen batez besteko pentsio 900 euro inguruan dagoela, eta lan-merkatuan lan egiten duten emakumeena 650-700 eurotakoa dela. Halaber, alarguntza-pentsioa 600 eurotara iristen ez dela azpimarratu dute.
Euskal Herriko Pentsionisten Plataformaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak politika fiskalen, zerbitzu sozial publiko sarearen, etxez etxeko zerbitzuen edota pentsioen bermearen inguruan "lan oso gutxi" egin du; horren aurrean, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusiari eskatu diote "alde egin eta berea lekua hobeto egin duten pertsonei uztea, argi geratu baita berak eta bere alderdiak ez duela neurririk eman".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide