Guztia prest dute Orion Erreboilo Festarako. Asteburuan plaza jatetxe handi bat bihurtuko dute antolatzaileek, eta bertan 600 lagun inguruk dastatuko dute hain preziatua duten jakia. Izan ere, Erreboilo Festaren lehenengo edizioak uste baino harrera hobeagoa izan du, hasiera batean ezarri zutena baino 150 herritar gehiago joango baitira otorduetara.
Herriko arrantzaleei omen egiteko antolatu dute festa, eta gaur egingo duten afariarekin emango diote hasiera; bihar, berriz, bazkaria eta afaria egingo dute. Bi egunetan 300 erreboilo erreko dituzte plazan, herritarren begi bistan. Horretarako propio festarako sortu dituzten erreboilerak erabiliko dituzte herriko parrileroek.
Halaber, festak irauten duen bitartean pulpo eta talo postuak jarriko dituzte, eta txangurro, atuna edota antxoa erosi ahal izango da.
Turismo Bulegoaren arabera, txartel gehienak oriotarrek erosi dituzte. Jon Redondo herriko alkateak adierazi du jaiak izan duen erantzunarekin «oso gustura» daudela.