Lokalen erabiltzaileen eta bizilagunen arteko izango da Orioko Udala

Urola Kostako Hitza 2011ko maiatzaren 5a

"Azken urteetan lokalak gehitzen joan dira Orion. Errealitate berria da hori, eta guztien artean elkarbizitza bermatzen jakin behar da", dio Mikel Izquierdo Orioko Udaleko kirol eta gazteria teknikariak. Gai horretan sakontzeko herritarrekin partaidetza prozesua egin dute azken hilabeteetan. Herritarrekin nahiz lokalen erabiltzaileekin bilerak egin dituzte, eta bakoitzaren kezkak eta azaroak mahai gainean jarrita, "irtenbideak aurkitzen" saiatu dira. Oraindik ondorioak baloratzea "goizegi" bada ere, "prozesuak emaitza" izan duela adierazi du: "Pauso txikiak egin ditugu eta gaiak jarraipena ere izango du aurrerantzean".
Orioko Udalak gazteen lokalen erabileraren inguruko gomendioa egin zuen lehendabizi. Bertan, "segurtasunaren, zarataren edota osasunaren" inguruko hainbat aholkuak jasotzen ditu gidak.
Hortik abiatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeatuz programaren baitan, egin dute parte hartze prozesua. Horretarako Prospektiker Prospektiba eta Estrategia enpresa bildu da herritarrekin nahiz lokalen erabiltzaileekin; "gida oinarri izanda, lokal guztietako erabiltzaileekin saiatu ginen harremanetan jartzea. Horiekin elkarrizketak egin eta gero, ondorioak eskuartean izanik herritarrekin biltzen hasi ginen", adierazi du Olatz Errazkin Prospektikerreko teknikariak. Errazkinen arabera, bileretatik atera duten ondorio garrantzitsuenetarikoa Udalaren bitartekaritza lana izango da: "Bizilagunen eta erabiltzaileen artean arazoren bat balego bitarteko lana egingo luke Udalak, horien artean irtenbidea aurkitzeko asmoz", dio Errazkinek.
Izquierdok lokalen gaia "kontu konplexua" dela uste du. Arazoak bideratu badituzte ere, prozesuak hainbat "muga" izan duela uste du, "arazoak zituzten erabiltzaile eta bizilagunek" soilik parte harti baitute bertan. Errazkinek, bere aldetik, adierazi du lokal bakoitzaren egoera desberdina dela, baina bizilagunek gehien bat izaten dituzten kezkak zaraten ingurukoak izaten direla, askok ez baitituzte insonorizazio neurriak. Erabiltzaileei dagokienez, Prospektikerreko teknikariaren arabera "gustura" hartu dute dinamika, "horiek ere ahal duten arazo gutxien sortzea" nahi baitute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide