Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ibai Esoain eta Xabier Sukia oriotarrek Gorka Tolosakin batera osatzen duten Trikuharri taldeak bertsolaritza haurrengana hurbiltzeko beste pauso bat eman du, Galtzagorriei to, Inaxito! antzerki errimatuaren ipuina eta DVDa aurkeztu baitute. DVDa Lankuren laguntzaz kaleratu du taldeak.
Azken zortzi urteetan hiru bertso-antzerki ekoiztu ditu taldeak; lehenengo Inaxitoren ametsak lana sortu zuten, eta ondoren egin zituzten 1, 2, 3... Inaxito! eta Galtzagorriei to, Inaxito! antzezlanak. Ordutik, Euskal Herrian barrena aritu da taldea, plazaz plaza azkerkiak aurkezten.
Kaleratu berri duten ikus-entzunezko lanaren bidez Euskal Herriko mitologiara hurbiltzeko aukera eman nahi dute; Basajaun, Lamiak eta Anbotoko Anderearekin heriotza, edertasuna eta natura jorratzen dituzte bertan, besteak beste. Halaber, Trikuharri taldearen ibilbideak, antzerki emanaldiek, bertsoek, jolasek eta protagonistei egindako elkarrizketek ere osatzen dute lana.
Liburuari dagokionez, berriz, antzerkiko edukia liburura eraman dute, eta taldekideek idatzi dute testua. Horretarako Alaitz Olaizolaren laguntza izan du taldeak, eta ilustrazioak Alai Zubimendik egin ditu.
Liburua eta DVDa www.lanku.com denda digitalean eta ohiko liburutegietan eskuratu daitezke. Liburua 10 eurotan erosi ahalko da, eta DVDa 15 euroren truke.