1901eko maiatzaren 14an ikaso zuten Kantauri itsasoan azken balea, eta oriotarrek harrapatu zuten. Orain, ehun eta hamar urte geroago, berriro arrantzatuko dute itsasoko ugaztun handia. Mende bat atzera egingo dute herritarrek maiatzaren 14an, eta hirugarren aldiz Balearen Eguna ospatuko dute, aurreko bi aldietako «arrakasta» errepikatzeko asmoz.
Oraindik hilabete inguru falta bada ere, dagoeneko osatu dute egitaraua. Jon Redondo Orioko alkateak atzo eman zuen jakitera festa horretan egingo dituzten ekintza guztiak. Horren arabera, «egitarau oparoa» antolatu dute, «herritar guztientzako aproposa». «Modu askotako ekitaldiak izango dira: antzerkiak, musika, hitzaldia edota bideo emanaldiak. Oriotar guztiei nahiz kanpotik etortzen direnei eskainiko dizkiegu». Ekitaldi garrantzitsuenak maiatzaren 14an egingo badituzte ere, aurretik hasiko dira festa ospatzen. Maiatzaren 11tik 15era bitartera iraungo dute ospakizunek, zehazki.
Balearen Eguna antolatzeko 30.000 euroko aurrekontua izan du Udalak. Aurten «aurreko urteetan baino diru gutxiago» izan dutela jakinarazi du Redondok. Hala ere, «herritarrek proposatu duten ekintza guztiak aurrera eramatea» lortu dutela nabarmendu du. Zentzu horretan, «gustura» azaldu dira antolatzaileak, eta herritarrek aldez aurretik erakutsi duten jarrera eskertu dute.
Herritarrak festaren parte
Herriko giroa ahalik eta sinesgarriena izan dadin, ohikoa den moduan, Balearen Egunean etxeetako balkoiak sarez eta arrantza tresnez jantziko dituzte. Halaber, Redondok herritarrei «armairuan dituzten arrantzale jantziak» prestatzen hasteko eskatu die. Gainera, merkatariei eta tabernariei zuzenduta, erakusleiho lehiaketa jarri dute abian aurten. Apiriletik aurrera parte hartzaileek beren txokoa arrantzaren mundura eramateko aukera izango dute, eta maiatzean antolatzaileek saltokirik politena sarituko dute. Bertan parte hartzeko kultur etxean eman daiteke izena .Ekitaldien artean, azken urteetan garrantzia irabazi duen herri antzerkia izango da ikusgai maiatzaren 14an. Aurten hirugarrenez antzeztuko dute, baina laburragoa izango da. Guztira 200 herritar baino gehiago izango dira taula gainean.
Bestetik, herri bazkaria egingo dute egun horretan. Antzerkian parte hartuko dutenez gain, Udalak gainontzeko herritarrak ere bazkarira gerturatzea nahi dute. «Egun horretan herritarrek festa egitea nahi dugu». Hamalau euroren truke egin ahalko dute hori. Txartelak kultur etxean, kiroldegian, eta Bordatxo, Aterpe eta Errusta tabernetan eskura daitezke.
Hurrengo astetik aurrera herritarrak festan parte hartzera gonbidatuko dituzte antolatzaileek, eta etxebizitzatan Balearen Eguneko informazioa banatuko dute.
Egitaraua
maiatzak 11, asteazkena
19:00. Kultur etxean, Michael Barkhamek hitzaldia emango du, Euskal balearen industria Labradorren XVI. mendean izenpean.
maiatzak 12, osteguna
19:30. Apaizac obeto filmaren emanaldia, kultur etxean.
maiatzak 13, ostirala
17:00. Bikokote antzezlana izango da, kultur etxe atzeko plazan.
18:00. Balea elkartearen eskutik, txokolatada, kultur etxe atzeko plazan.
maiatzak 14, larunbata. Balearen eguna
Egun osoan. Udaletxeko Blinkeko plaza bitartean, marinel azoka.
11:00-13:30 / 16:30-19:30. Haurrei zuzenduta, arrantzarekin lotutako tailerrak, jolasak eta puzgarriak.
12:00. Herri antzerkia.
14:00. Herriko pilotalekuan, herri bazkaria.
18:00. Elkarte gastronomikoen arteko danborrada, kalez kale.
18:00. Antxoa pintxoak eta sagardo dastaketa, ikastola aurreko plazan.
18:30. Egunsenti otxotea kalez kale arituko da kantuan.
20:00. Donostiako Kontserbatorioko Bandaren eta Orioko Danbolin Musika Eskolaren kontzertua. Amaitzean Logroñoko Musika Bandaren emanaldia izango da.
23:30. Su artifizialak.
Gero. DJ Xaiborren emanaldia, plazan.
Maiatzak 15, igandea
Egun osoan. Udaletxeko Blinkeko plaza bitartean, marinel azoka.
11:00-13:30 / 16:30-19:30. Haurrei zuzenduta, arrantzarekin lotutako tailerrak, jolasak eta puzgarriak.
Berdel pintxoak eta sagardo dastaketa, ikastola aurreko plazan.