Orioko I. Mendi lasterketa egingo dute igandean

Urola Kostako Hitza 2011ko apirilaren 7a

Orioko Herri Ikastolak lehenengo aldiz mendi lasterketa antolatu du iganderako, hilak 10. "Kirol hori ezagutzeko eta inguruko leku ederrez gozatzeko" asmoz antolatu dute ekimena. 10:00etan hasiko da lasterketa, eta 18 kilometro dituen ibilbidea egingo dute korrikalariek, 1.000 metroko gorabehera positiboarekin. Hala ere, jada ezin da bertan parte hartzeko izena eman. Izan ere, antolatzaileek 250 lagunentzako mugatu dute lasterketa, eta korrikalari kopurua beteta dago duela aste batzuetatik. Iñaki Beraza ikastolako zuzendariak adierazi du halako harrerarik izatea ez zutela espero. Lasterketaz haratago, antolatzaileek mendiaz gozatzeko aukera eman nahi izan die bertan parte hartzen dutenei, eta horretarako ibilbide aproposa osatu dute; korrikalariak Ikastolatik abiatuko dira, San Martin baselizara bidean. Ondoren, Txanka, Erretzabal gaina, Etxaniz baserria eta Orioko Benta zeharkatuko dituzte. Handik Kukuarrira joango dira, lasterketako puntu garaienera, 363 metro baititu mendiak. Handik, Itsaspe baserrira eta Luxarbe zalditegira joango dira, berriro ere Kukuarrira bidean. Gero, berriro Andu baserria, Txanka eta San Martin baseliza igaroko dituzte, azkenean ikastolara iritsi arte. Lasterketa behar bezain ongi egiteko azken aldian korrikalarien presentzia ugaritu egin dela adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, horien esanetan, askok Itxaiz baserriko lurretatik egiten dute korrika, eta bertatik ez pasatzeko ohartarazi diete horiei. Horren ordez, errepide gainetik aritzeko adierazi diete. Lasterketa hiru ordutan amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek; hori hala, kontrol guneak jarriko dituzte Kukuarrin. Lehenengo pasu kontrolean ordu bat eta 10 minutuetara bitartean izango dira, eta bigarren kontrolean bi ordu eta 25 minutuetara bitartean. Denbora horretatik aurrera korrikalariek "euren arduraz" iritsi beharko dute helmugara. Antolatzaileek, korrikalariei ez ezik, herritarrei ere bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi die. Halaber, "lehenengo proba" pasata, datozen urteetan ere antolatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du Berazak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide