"Herritarren ideiekin osatutako egitarau oparoa" izango da Balearen Egunean

Ane Olaizola 2011ko apirilaren 6a

1901eko maiatzaren 14ean Kantauri itsasoan ikusi zuten azken balea harrapatu zuten Orion; orain, ehun eta hamar urte geroago, berriro harrapatuko dute itsasoko ugaztun handia. Mende bat atzera egingo dute herritarrek maiatzaren 14ean, eta hirugarren aldiz Balearen Eguna ospatuko dute, aurreko bi edizioetako "arrakasta" errepikatzeko asmoz. Oraindik hilabete inguru falta bada ere, dagoeneko osatu dute egitarau osoa. Jon Redondo Orioko alkateak atzo eman zuen jakitera festa horretan egingo dituzten ekintza guztiak. Honen arabera, "egitarau oparoa" antolatu dute, herritar guztientzat aproposa izango dena. "Modu askotako ekitaldiak izango dira; antzerkiak, musika, hitzaldia edota bideo emanaldiak. Oriotar guztiei nahiz kanpotik etortzen direnei zabaldua izango da egitaraua". Ekitaldi garrantzitsuenak maiatzaren 14ean egingo badituzte ere, aurretik hasiko dira festa ospatzen; hori hala, aurtengo egitaraua maiatzak 11tik 15era bitartera osatu dute. Aurtengo Balearen Eguna antolatzeko 30.000 euroko aurrekontua izan du Udalak. Kopuru hori "aurreko urteetakoa baino dezente gutxiago" dela jakinarazi du Redondok. Hala ere, "herritarrek proposatu duten ekintza guztiak aurrera eramatea" lortu duela nabarmendu nahi izan du. Zentzu horretan, "gustura" azaldu dira antolatzaileak, eta Udalak eskertu izan nahi du herritarrek aldez aurretik erakutsi duten jarrera. Herriko giroa ahalik eta sinesgarriena izan dadin, ohikoa den moduan, Balearen Egunean etxeetako balkoiak sarez eta arrantza tresnez jantziko dituzte. Halaber, Redondok herritarrei "armairuan dituzten arrantzale jantziak" prestatzen hasteko deia luzatu die. Gainera, merkatariei eta tabernariei zuzenduta, erakusleiho lehiaketa jarri dute abian aurten. Apiriletik aurrera parte hartzaileek euren txokoa arrantzaren mundura eramateko aukera izango dute, eta maiatzean antolatzaileek saltokirik politena sarituko dute. Bertan parte hartzeko kultur etxean eman daiteke  izena. Ekitaldien artean, maiatzaren 14ean azken urteetan garrantzia hartu duen herri antzerkia izango da. Hirugarren aldi honetan, laburragoa egingo dute, eta guztira 200 herritar baino gehiagok hartuko dute parte. Bestetik, herri bazkaria egingo dute egun horretan. Antzerkian parte hartuko dutenez gain, Udalak herritarrak ere bazkarira gerturatzea nahi dute. "Egun horretan herritarrek festa egitea nahi dugu". 14  euroren truke, horretarako aukera izango dute. Txartelak kultur etxean, kiroldegian, Bordatxo, Aterpe eta Errusta tabernetan eskuratu daitezke. Hurrengo astetik aurrera herritarrei festan parte hartzeko gonbidatzen hasiko dira antolatzaileek, eta etxebizitzetara Balearen Eguneko informazioa banatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide