Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko kanpina biziberritzearen inguruko bigarren bilera egin zuten joan zen astean. Eta bertako turismo dinamizatzeko eta horren bideragarritasunari buruzko azterketa teknikoa osatu zuten arduradunek eta herritarrek. Izan ere, kanpineko hamabost bezero iraunkor elkartu ziren bertan, eta zirriborroa eta proposamen berriak aurkeztu zituzten.
Leire Zinkunegi Orioko Udaleko turismo zinegotziak adierazi duenez, parte-hartzaileak «proposatutakoaren alde» agertu ziren eta, beren aldetik, guneroko mantenuaren eta funtzionamenduaren inguruan hobekuntzak planteatu zituzten haiek.
Eraberritze planaren baitan dinamizazio turistikoak «lehentasuna» izango du, eta horretarako familiei «berebiziko garrantzia» eman nahi diete. Valentziako (Herrialde Katalanak) Turismo Behatokiak oporren eta turismoaren inguruan egindako ikerketaren emaitzak oinarri hartuta aurkeztu dituzte kanpinerako berrikuntzak.
Hori hala, berrikuntzen artean, familiei zuzendutako zerbitzu gehiago eskainiko dute. Horren bidez asteburuak pasatzeko herritarrek Orioko kanpina aukeratzea nahi dute. Haurrentzako animazio programak, bizikleten alokairu zerbitzua, eta familientzako aholkularitza eta informazio turistikoa eskainiko dituzte, besteak beste. Halaber, umeentzako igerilekuan haiek ez labaintzeko moduko zorua jarriko dute, eta umeentzako menuak eta aulkiak ere egongo dira.
Bulgalow eskaintzari ere lehentasuna eman diote. Hala, hainbat neurri eta motatako 11 bungalow jartzea aurreikusi dute arduradunek.
Eraberritze planaren helburua dinamizazioa izanik, ikastetxeei zuzendutako aisialdirako zerbitzu pedagogikoak eskaintzeko asmoa dute. Egonaldi horietan itsas munduaren eta arrantzaren inguruan hainbat ezagutza jasoko lituzkete haurrek, tailerren eta ibilaldien bidez.
Igerilekuetan ere aldaketak egingo dituzte, zirriborroan hala jaso dutenez. Sakonera gutxiago duten igerilekuak jarriko dituzte, hain zuzen. Gainera, ur parkea sortzeko asmoa ere azaldu dute arduradunek, «gaztetxoenek jolasteko aukera» izan dezaten.
Eraberritze planerako 1.448.000 euroko aurrekontua izango du, eta lau edo bost urtean amortizatzea aurreikusten dute. Turismo zinegotziak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari diru laguntzak eskatuko dizkiete.
Bestalde, zuzendari eta langileekin ere bilera bat izan dute. Azkenengo bilera irekia, berriz, hilaren 14an egingo dute. Ordurako azterketa osatuta izatea aurreikusten du Udalak.