Herri ikastolak aldarrikapen jaien "balorazio oso positiboa" egin du

Ane Olaizola 2011ko martxoaren 30a

Azken asteetan Orioko herri ikastolak ekitaldi desberdinak antolatu ditu herrian, Udalarekin zuen hitzarmena berreskuratzeko asmoz. Jai giroan hasi zituzten ekimenak, eta modu horretan amaitu dituzte; joan zen asteburuan egin zituzten azken saioak; orduan, 300 lagun baino gehiagok herri bazkaria egin zuten frontoian. Gauean, berriz, Gaztetxean Sorkunen kontzertua izan zen. Ekitaldi guztiak amaituta, herri ikastolak aldarrikapen jaien "balorazio oso positiboa" egin du orain; "aurreikusi genituen bi helburuak bete ditugu: batetik, herritar askok hartu dute parte ekimenetan, eta bestetik, giro oso ona sortu da herrian. Oso gustura gaude ekitaldiek izan duten harrerarekin", adierazi du Zigor Saizar herri ikastolako zuzendariak. Martxoaren 12an hasi zituzten ekitaldiak; orduan, herri kirolak, Harribilen emanaldia edota gizon probak egin zituzten; halaber, Idoia Etxeberria Orioko harri-jasotzaileak marka berria ezarri zuen emakumezkoen arloan, 140 kiloko harri errektangularrarekin bi jasoaldi egin eta gero. Horrez gain, pilota partidak, eta bestelako jolasak ere egin dituzte martxoan zehar. Saizarrek une "unkigarriak" izan direla gogoratu ditu, lehenengo eguneko ekitaldietan, batez ere. Herriko hainbat eragileen laguntza izan dute ekitaldiak aurrera emateko: besteak beste, Heldu! herri kirolen taldea, Errikotxia bertso taldea, Talai Mendi mendi elkartea edota Arkupe merkatarien elkartearena. Eragileez gain, ordea, herritarren inplikazioa nabarmendu nahi izan du Saizarrek: "Ekitaldi hauen bidez argi ikusi da herritarren zati handi bat hitzarmenaren alde dagoela"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide