Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jesus Rodriguez Pousa PSE-EEko zinegotzia izango da maiatzeko udal hauteskundeetako PSE-EEko zerrendaburu. Hirugarren aldiz aurkeztu da alkategai izateko Orion, "herritarren zati bat ordezkatzeko" asmoz. Oriko Udal Gobernuko kide izan da azken bi legeladitan; Juan Priede PSEko zinegotzia zena hil zuen ETA duela bederatzi urte, eta Rodriguezek Priede ordezkatu zuen orduan.
Rodriguezekin batera Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia izan da gaurko agerraldian. Arriolak adierazi duenez, alderdiak Gipuzkoako "herri txikietan presentzia izatea" garrantzitsua da, Orion alkatetza lortzea "zaila" ikusten badu ere. Horrez gain, azken legealdian Eusko Jaurlaritzak laguntza eta inbertsio handiak egin dituela herrian nabarmendu nahi izan du; hala nola, hezkuntzan, auzoetan ere bestelako instalazioetan egindako hobekuntzak azpimarratu ditu.
Rodriguezek, bere aldetik adierazi du herrian "PSEri gustatzen ez zaizkion puntuak" daudela; hala nola, berritu edota aldatu beharreko hainbat gai azaldu ditu, eta azken legealdian Udalak izan duen "gestio txarra" nabarmendu du: horren harira, industriguneak leku desegokian daudela adierazi du, besteak beste, eta herrian ezin dela industrialde handirik izan, "lurrik ez dagoelako eta dagoen lurra desegokia" delako. Horrez gain, herrian "arazo handiak" daudela esan du: arazoetako bat hezkuntza da Rodriguezen ustez; "herrian ezingo da hezkuntza sistema egokirik izan, nazionalismoak pisu gehiegi duelako", adierazi du. Bestalde, ibilgailuentzako zirkulazio arazoa azpimarratu du, eta oinezkoentzako kaleen sustapena nabarmendu du.