Orioko eta Getariako hondartzak garbago egongo dira gaurtik aurrera. Izan ere, surf elkarteek antolatuta gaur goizean hondartzak garbitzen hasi dira bi herrietan, eta parte hartu nahi duenak 14:00ak baino lehen agertu beharko du, Orioko Antilla hondartzaren kasuan behintzat. Izan ere, ordu horretan parrillada egiteko asmoa dute, hondartzaren alboan, surf elkartekoak dauden gunean. Jende asko gerturatu da plastikoa biltzera. Horietan protagonistak haurrak izan dira, gurasoekin gustura aritu dira dena txukun-txukun eta garbi-garbi uzten. Plastikozko gauzen artean denetarik aurkitu dutela kontatu dute parte-hartzaileek: "Makillajea ere aurkitu dugu", esan du batek.
Ekimen honi buruzko informazio gehiago aurki daiteke Surfrider Foundationen webgunean.