Apirilaren 7tik aurrera egingo duten pintxo poteoa aurkeztu dute gaur Jon Redondo Orioko alkateak, eta Saioa Azkue eta Asier Atxaga edari banatzaileak. Ostegun arratsaldetik aurrera egingo dute ekimena, eta bezeroek, euro eta erdiren truke, edaria eta pintxo bana jasoko dute. Ekimenak "aste tartean herriko dinamika bultzatzea" du helburu: "Pintxo eta edariaren aitzakian, gau partera bitartean mugimendu bat sortzea nahi dugu", diote sustatzaileek.
Azkuek, Atxagak eta Mikel Errasti herriko hirugarren banatzaileak izan dute ekimena martxan jartzeko ideia; "pintxo txikiteoa egitea proposatu ziguten banatzaileek, eta guri ideia ona iruditu zitzaigun. Hori hala, Udalaren laguntzarekin eta tabernarien inplikazioarekin aurten martxan jarriko dugu ekimena", adierazi du Redondok.
Zazpi tabernarien artean
Momentuz, zazpi tabernek hartuko dute parte ekimenean: Gure Txoko, Salatxo, Bordatxo, Sarasua, Baraka, Gabon eta Aterpe taberna arituko dira, hain zuzen ere. Redondok adierazi duenez, ordea, "ziur gaude aurrerantzean herritar gehiagok hartuko dutela parte", eta etorkizunean "festa hau pertsona gehiagorekin" egitea aurreikusten du.
Edarien artean, inguruko beste herrietakoa baino eskaintza zabalagoa prestatu dute; hori hala, ardoaz gain, garagardoa, ura eta muztioa ere salduko dute. Halaber, ardoei dagokienez, ardo mota desberdinak sartu dituzte eskaintzan, "beste herrietan ez bezala".
Pintxoei dagokienez, berriz, oraindik ez dituzte zehaztu nolakoak izango diren: “tabernariek erabakiko dute zer pintxo jarri. Guztien artean adostu beharko dute, baina aldez aurretik zenbait baldintza dituzte; besteak beste, taberna guztietakoek tamaina antzekoa izan behar dute, eta ohiko pintxoak ez direnak eskainiko dituzte”.
Inguruko herrietan – Zarautzen, kasu – duela hilabete batzutatik halako ekimena egiten dute, eta antolatzaileek herri horietan izan duen "arrakasta" Orion ere izatea espero dute, herriko ekomoniari bultzada emateko asmoz: "Jendea kalera ateratzea nahi dugu. Badakigu egoera ez dela oso ona. Baina guztiok zerbait jartzen badugu, ekimen polita izan daiteke", diote banatzaileek.
Udara bitartean, astez aste
Bestalde, parte hartu duten tabernarien artean kartelak banatuko dituzte, herritarrek ekimenaren berri izan dezaten. Momentuz, pintxo poteoak ekaina bitartean iraungo du, eta honek izaten duen harreraren arabera, udazkenean berriro martxan jartzeko asmoa dute antolatzaileek.