Foru Aldundiak 400.000 euroko diru-laguntza eman dio piraguismo eta arraun teknifikazio zentroari

Ane Olaizola 2011ko martxoaren 23a

Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatuak eta Jon Redondo Orioko alkateak piraguismo eta arraun teknifikazio zentroko bigarren diru-laguntza sinatu dute gaur. Bigarren aldi honetan, 400.000 euroko diru-laguntza hitzartu dute. Guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.000.000 euro eman dizkio Orion egiten ari diren teknifikazioa zentroari, aurreko urte amaieran 600.000 euroko diru-laguntza sinatu baitzuten. Redondok adierazi du tenknifikazio zentroko lanak "martxa onean" doazela, eta 2012ko urtarrilerako amaitzea espero dute. Alkateak adierazi duenez, azpiegitura horiek egiteko "erakunde askoren laguntza" izan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxak ere finantziatu dute tenknifikazio zentroa, eta Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak ere diru-laguntza emango diete aurreratu du alkateak. Horien "laguntzarekin" amaitutzat jo dute eraikinaren finantziazioa. Zentroaren inguruan, Redondok adierazi du "pauso onak" ematen ari direla, eta, beraz, "emaitzak ere halakoak" izatea espero dute. Galdosek, bere aldetik, piraguismo eta arraun teknifikazio zentroaren proiektua "hasieratik begi onez" ikusi zutela nabarmendu du. "Orioko beharrak asetzeaz gain, gure politika jarraitzen du proiektuak, eta beharrezkoa da azpiegitura hori", adierazi du kirol diputatuak. Galdosek azpimarratu du teknifikazio zentroak federazioen eta kirol kluben artean sinergiak egiteko aukera ematen duela. Hori hala, piraguismoa eta arrauna "berri on" baten aurrean daudela esan du. Erakunde desberdinak zentroaren finantziazioaren parte izanik, "bakoitzak bere konpetentzien barruan sartzen diren erabilerak" bermatuko dutela esan dute. "Orioko Udalak herriko arraun elkartearen erabilera bultzatuko du; Foru Aldundiak, berriz, federazioena bermatuko du", adierazi du alkateak. Guztiek, beraz, "mentalitate irekia" izatea beharrezkotzat jotzen dute biek. Egun, hormigoia botatzen amaitu dutela aurreratu du alkateak. Halaber, kanpoko metalezko egiturari dagokionez, %40a egin dutela adierazi du. Duela hilabete batzuk izan zituzten zimendatze arazoak konpondu eta gero, une hauetan lanak "erritmo egokian" doazela esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide