Danbolin musika eskolak urteurren kontzertua eskainiko du, ikasle eta irakasle ohiekin

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 22a

Ikasturte berezia du aurten Orioko Danbolin musika eskolak. Mende laurden bete du aurten zentroak, eta, horren harira, arduradunek «ekitaldi bereziak» prestatu dituzte datozen hilabeteetarako.
Ekainaren 18an egingo dute saio horietako azkena. «Hori izango da bereziena», aurreratu dute. Musika eskolaren urteurren festa izango da, izan ere. «Kontzertu horretan azken 25 urteetan musika eskolatik igaro diren ikasleak eta irakasleak bildu nahi ditugu. Ahal bezainbesteko parte-hartzea lortzea da helburua. Badakigu musika eskolatik pasatu diren askok jada ez duela musika tresnarik edukiko. Baina bakoitzak ahal duen moduan har dezake parte, musika tresna jotzen ez bada, abestuz», adierazi du
Elena Errasti Danbolin musika eskolako zuzendariak. Ikasle eta irakasle ohiek ez ezik, musika taldeak ere parte har dezaten nahi dute, ekitaldia «ahal bezainbeste zabaltzeko». Bertan parte hartu nahi dutenek danbolinme@gmail.com helbidera idatzi edo 943-83 37 27  telefonora dei dezakete, hilaren 31 baino lehen.
Horrez gain, datozen asteetan bi kontzertu eskainiko dituzte kultur etxean. Etzi, filmetako soinu bandetako abestiak taularatuko ditu pandero taldeak, flauta taldeak edota bandak, 19:00etan.
Hasiera batean gaurko prestatu zuten lehenengo emanaldia. Baina «hainbat arrazoi» dela tarteko, datorren asteartera, hilaren 29ra, atzeratu dute. Orduan,
musika eskolako goi mailako ikasleek eskainiko dute emanaldia, kultur etxean. Piano-jotzaileek, gitarra-jotzaileek edota txistu-jotzaileek hartuko dute parte. Saio hori ere 19:00etan egingo dute.
«Berpiztuta»
Musika eskolak ibilbideko «urterik indartsuenetarikoan» ospatuko ditu zilarrezko ezteiak. Errastik jakinarazi duenez, azken urteetan «aurrerapen nabarmenak» izan ditu zentroak. «Azken lau urteetan berpiztu egin gara. Material eta pertsonal aldetik, lehen baino hobeto gaude. Zentzu horretan, azken legealdian laguntza gehiago jaso dugu».
Danbolin musika eskolak ateak ireki zituenetik, 1.000
ikasle baino gehiago izan ditu. Hala jakinarazi du Errastik. Egun, 330 bat lagun ari da bertan musikaren inguruko ikasketak egiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide