Hitzarmenaren alde, asteburuan hainbat ekitaldi egingo dute

Ane Olaizola 2011ko martxoaren 18a

Gaur jarraituko dute Orioko herri ikastolak antolatu dituen aldarrikapen jaiek. Errikotxia bertso taldearen eskutik, bertso musikatuak egingo dituzte 22:00etan, Kultur etxean. Bihar, berriz, herriko pilota elkarteak umeentzako kale-barren partidak egingo dituzte frontoian, 17:30ean. Ondoren, lehenengo mailako afizionatuek lau terdian pilota partidak eskainiko dituzte buruz buru; banakako munduko txapelduna denak Unai Onsalok Asier Beitia aurka jokatuko du. Ondoren, eskuz binakako partidak izango dira: Irigoien munduko txapeldunak eta Iparragirrek Mikel Goñi eta Elolaren aurka arituko dira. Partida horiek ere frontoian jokatuko dituzte, eta bertara joateko helduek bost euro ordainduko dituzte, eta hamasei urtetik beherakoek, berriz, euro bat. Igandean ere haurrek eta gaztetxoek ondo pasatzeko aukerarik izango dute. Izan ere, Talai Mendi mendi elkartearen, Txurrumuski aisialdi taldearen eta Arkupe merkatari elkartearen eskutik, 11:30ean rappela egingo dute elizatik Kale Nagusira bitartean. 12:30ean, berriz, haur eta helduentzat jolasak egingo dira, eta salda eta pintxoak dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Ikastolak hilabete osorako antolatu ditu ekintzak herriko txoko desberdinetan, Udalarekin zuen hitzarmena berreskuratzeko asmoz. Joan zen asteburuan hasi ziren lehenengo ekimenak, eta hurrengo asteburuan egingo dituzte azken saioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide