Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udalak kanpinaren biziberritze proiektua martxan jarri du, eta horretarako, parte hartze prozesua zabaldu du herritarrekin. Azken urteetan "zaharkituta" geratu dela-eta, arazo horri aurre egiteko helburuz jarri dute ekimena abian. Leire Zinkunegi Orioko Udaleko Turismo zinegotziaren arabera, kanpinak zenbat "gora-behera" jasan ditu. "Duela 15 urte ingurura arte garrantzia handia zuen kanpinak. Pertsona asko joaten ziren bertara, eta ekintza ugari antolatzen ziren, udara aldean, batez ere. Ondoren, kanpina zegoen lekuan zenbait aldaketa egin zituzten. Etxebizitzak egin ziren, eta baina horietako asko ez dira saldu. Gainera, kanpinak ordura arte 400 partzela zituen, eta 178 partzela izatera jaitsi zen ondoren".
Horrez gain, azken urteetan zerbitzuak murriztu direla adierazi du zinegotziak; izan ere, lehen ez bezala, orain urritik martxora bitartean itxi egin ohi dute kanpina. "Ez zuten aurreikusi kanpina mantentzea, eta kanpina ez da berritzen joan, inbertsio handirik ez baitute egin".
Orain, berriz, kanpinak duen "garrantziaz" ohartu da Udalak, eta horretarako jarri du abian egitasmoa; "diru sarrera segurua da kanpina, turismoa bultzatzeaz gain, herrian lanpostu asko sortzen baititu. Krisi ekonomikoa dela-eta, azken urteetan bertan lan egiteko eskaerak izugarri hazi dira".
Egungo egoerari aurre egiteko, hiru bilera antolatu ditu Udalak, "azpiegiturei eta dinamizazioari dagokienez proposamenak" jasotzeko asmoz. Lehenengo bilera duela bi aste egin zuten. Orduan, herritarren, kanpineko langileen edota bezeroen iritziak jaso zituzten. Zinkunegiren arabera, 28 lagun elkartu ziren bilera horretan, eta guztien zalantzak argitzeaz gain, zenbait ekarpen bildu zituzten. Ondoren, ekarpen horiek guztiak hilaren 31ean egingo duten bigarren bileran aurkeztuko dituzte. Halaber, egun horretako bileran herritarren proposamenak jasoko dituzte. Hirugarren eta azken bilera, berriz, apirilaren 14ean egingo dute. Udalak ordurako azterketa guztia osatuta izatea espero du. Behin bilerak eginda, guztia praktikara eramateko asmoa dute