«Orio herriak garaian garaira moldatzeko gaitasuna izan du beti»

Urola Kostako Hitza 2011ko martxoaren 8a

Antxon Agirrek (Donostia, 1946) ibilbide luzea du Euskal Herriko herrietako historia aztertzen. Orio, oro hori liburua da bere azken lana. Atzo aurkeztu zuen lana, Orioko kultur etxean. Ikuspegi «zabala» ardatz izanda, herriko historia bildu du liburu horretan. Miren Etxeberria oriotarrak, berriz, euskaratu egin du liburua, eta Orioko Udalak argitaratu du. Dagoeneko salgai dago, Ontza liburu dendan eta Iturain eta Amaia estankoetan, 10 euroan. Liburuak 260 orrialde ditu, eta azaleko irudia Pedro de Texeirak egindakoa da, 1634an. Zer gai jorratu dituzu liburuan? Oriori erreferentzia egiten dieten gai ugari jorratu ditut. Herriko datu arkeologiko zaharrenekin hasi dut liburua. Hortik abiatuta, herria eratzerako orduan Oria ibaiak izan zuen garrantzia aztertu dut. Izan ere, merkataritzari dagokionez, Gipuzkoan izugarrizko garrantzia izan du ibai horrek. Ibaiarekin lotuta, Orioko barra ere jorratu dut. Hondarpe horrek izan dituen arazoak eta oraindik orain sortu daitezkeenak aipatu ditut. Izan ere, Orion ez dago Pasaian dagoena bezalako portu garrantzitsurik, eta hori barraren eraginez izan da. Zentzu horretan, ibaiko bi bazterren inguruan aritu naiz, eta gabarrariak nola egiten zuen lan, zenbat diru jasotzen zuen idatzi dut. Horrez gain, itsasoko eta ibaiko arrantzaz ere aritu naiz, eta arrantzaleek harrapatzen zutenaz. Herriak itsasoarekin izan zuen harremanaren inguruan, berriz, baleontziak eta balearen arrantzaren historia ere izan dut gai. Horren harira, itsasoko merkataritza, kortsarioak, kofradiak, eta astileroak ere jorratu ditut. Gastronomiaz ere badiharduzu. Bai, hala da. Herrian garrantzia berezia izan duten arrainak, haragiak eta olio gozoa ere aztertu ditut, baita ardoa eta sagardoa ere. Osasunari dagokonez, erromesentzako ospitale zaharra edo Piedadia ospitalea ere izan dut aztergai. Horrez gain, gerrak, erlijioa, festak, kirola, eta herriko pertsonaia batzuen biografiak ere jaso ditut. Hori guztia 200 orri baino gehiagotan bildu dut. Liburu historikoa da, baina baita etnografikoa ere. Etnografia ere historiaren zati bat baita. Urte asko behar izan ditut lan hori egiteko, eta liburuaren zati handiena artxiboko datuetatik jaso dut. Gai horiek guztiak zer nolako ikuspuntuarekin jorratu dituzu? Datuak erabat historikoak dira. Datuak lortu ondoren, edonork ulertzeko modura idatzi ditut. Zentzu horretan, igorle bat besterik ez naiz izan ni. Nolakoa zen Orio herria, eta nolako bilakaera izan du? 1180. urtean aurkitu dezakegu Oriori erreferentzia egiten dion lehenengo datua. Garai hartan, herrian baserri batzuk besterik ez zeuden. Urteak aurrera egin ahala, ontziratzeko toki txiki bat eta etxebizitza gutxi batzuk eraikitzen hasi ziren. Orduan, Orio portua Donostiakoaren baitan zegoen, eta Orion sartzen zirenek Donostian ordaintzen zituzten zergak. Denborarekin, parrokia bat eraiki zuten herrian, eta geroago Done Jakue bidea sortu zuten. Pixkanaka, itsasotik bizi ziren langile kopurua hazten joan zen, eta horren ondorioz herriko biztanleria hazi zenean, zerbitzuak sortzen hasi ziren. Nolako harremana zuen herriak itsasoartekin eta gastronomiarekin? Arrantza oinarrizko lanbidea izan da Orion. Besteak beste, XX. mende hasieran, Oriotik Lasarte Oriara edota Tolosara oinez joaten ziren arraina saltzera. Garaian garaiko arraina saltzera joaten ziren bertara. Gaur egun, harrigarria egiten zaigu hori. Beraz, itsasoarekin zuten lotura erabateko zen. Herriko ekonomiaren motorra izan da itsasoa, biztaleriaren zati handi batek arrantza eta horren inguruko ogibideak izan baititu. Oro har, Orio itsasoko elementua izan da. Zentzu horretan, asko aldatu al da herria? Garaian garaiko gertakarietara moldatu izan da Orio. Hasiera batean ibaia eta itsasoa bestetik ez zuen eremua izan zen herria. Beste une batean kostatik barrualdera joateko pasadizoa izan zen. Beraz, garaian garaira egituratzen joan zen herria. Garatzeko modu oso interesgarria izan duela uste dut. Gainera, itsasoaren alboan egoteak gastronomiari lagundu egin dio. Esaterako, bisigua desagertzea herriko gertakaririk adierazgarrienetarikoa izan da. Bestalde, herrian bizi ez diren pertsonak Orion lan egiten hasi dira, eta hori izan da herriak izan duen beste aldaketatako bat. Azpiegitura berriek komunikazio hobea sortu dute, eta horrek ahalbidetu du azken urteetan antzeman den fenomenoa. Ondorioz, herrian aniztasuna areagotu da, eta biztanleria ere hazi egin da. Ezusteko edo bitxikeria askorekin topo egin al duzu? Historialari batek harritzeko gaitasuna galtzen duenean aspertzen hasten da. Beraz, gaitasun hori izatea beharrezkoa da nire lanbidean. Kasu honetan bezala, ezagutzen ez nituen gertakarien edo kontuen berri izateak izugarri asetzen nau. Ikaragarri gozatzen dut horrelako kontuekin. Herri guztiek dute historia interesgarria atzean. Orio gehien bisitatu izan dudan herria da, donostiarra banaiz ere. Umea nintzenetik harreman estua izan dut herriarekin, eta oraindik ere hala dut. Aurretik ere egin dut lan herriaren inguruan, eta hortik ere badator inplikazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide